Hobekuntza gehiago Zubitxo errekan

Al, 2013-01-07 12:21

Arazoak ematen zituen isurketa-puntua konpodu du Udalak eta errekari buruzko azterketa bat eta dibulgaziozko materiala ere egin dira.

Elias Salaberria kalean egindako obra txiki baten bidez, saneamendu-sarean zegoen gabezia konpodu da. Gabezia horren ondorioz, tarteka, ur beltzak isurtzen ziren errekara, uraren kalitatearen kaltetan, eta batzuetan, isuri horrek eragozpenak sortzen zizkien bertako bizilagunei.

Udalak jada egin zuen errekaren gune horretan bertan beste lan bat, beraz, oraingoan errekaren zati horretan dauden arazoak behin betiko konpontzea espero da.

Lan horiek Zubitxo errekako uraren kalitatea hobetzeko Udaleko Ingurumen Saila egiten ari den segimenduaren ondorio dira. Horiek horrela, 2009. urteaz geroztik, Añarbeko Urak erakundearekin batera, hainbat lan egin dira saneamendu-sarea hobetzeko.


Uraren Euskal Agentziaren diru-laguntza

Udalak Uraren Euskal Agentziaren diru-laguntza jaso du uraren inguruan ingurumen sentsibilizazio-ekintzak aurrera eramateko.

Dirulaguntza horrekin Zubitxo errekari buruzko azterketa zabala egin da. Bertan, ekintzak proposatzen dira erreka herrigunean hobeto integratzeko eta herritarren esku jartzeko.

Informazio hori guztia kalean, errekaren ondoan, jarriko diren bi paneletan dago ikusgai; izan ere, udalak errekaren garrantzia eta kontserbatzeko beharra ezagutarazi nahi die lezoarrei.

Egitasmo horri buruzko informazioa udal web orriko ingurumen atalean kontsulta daiteke.

 

Arloa edo saila