EUSKARAK ETA EUSKALDUNOK JUSTIZIA BEHAR DUGULA ALDARRIKATU DUTE LEZOARREK

La, 2025-07-19 14:04

Euskararen normalizazioaren aurkako Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzitako sententzia salatzeko, elkarretaratzea egin dute eguerdiko 12:00etan Lezoko udaletxe aurrean.

EAEko Auzitegi Nagusiak udalen legeak jasotzen dituen euskararen normalizazioa helburu duten artikuluak baliogabetu egin zituen 2023an. Eusko Jaurlaritzak helegitea jarri ondoren, asteazkenean, Espainiako Auzitegi Gorenak ere atzera bota zituen arkitulu gehienak eta euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi zuen sententzian. 

Egoera honen aurrean, UEMAk deitutako elkarretaratzera gehitu da Lezo. Euskararen normalizaziorako, biziberritzeko eta hizkuntza eskubideen aldeko lana egiteko konpromisoa hartu du Udal Gobernuak, 'Euskarerkin bat' lelopean, elkarretaratzean adierazpena egitearekin batera.

'EUSKARAREKIN BAT', LEZOKO UDAL GOBERNUAREN ADIERAZPENA

Dakizuen bezala, Vox alderdiaren eskariz, Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko Udal Legea garatzeko dekretutik hainbat artikulu bertan behera utzi ditu. Eurak dioten bezala, artikulu horietan euskara lehenesten zen, hizkuntzen koofizialtasuna urratuz. Egoera hain da erridikulua, udal langileek egin beharreko lehen hitza edota bozgoragailuetatik lehen hitza euskaraz egitea ezartzen zuten artikuluak bertan behera utzi dituztela. Baina, noski, udal langileek lehen hitza ezin dute euskaraz eta gazteleraz aldi berean egin, ezta? Beraz, zein da proposamena?

Argi da, hau euskararen aurka abian jarri duten oldarraldiaren kapitulu bat gehiago dela. Oldarraldi honek epaitegietan du frente ikusgarrienetako bat, baina, argi dago atzean bultzada ideologikoa, politikoa, eta mediatikoa ere badituela. Eta oraingoan alderdi ultraeskuindar batek bultzatutako sententzia izan den arren, ezin dugu ahaztu beste kasu askotan estatuko langileen sindikatuek bultzatutakoak izan direla. Beraz, esan dezakegu, ezkerrekoa edo eskuinekoa baino, estatu auzi bat dela hau.
Eta sakonean bi auzi nagusi gurutzatzen dira gertakizun zehatz honetan. Batetik, gure herrietako hizkuntza-politiken gaineko erabakimenari lotutakoa. Alegia, beste behin ere auzi honek agerian jarri du hizkuntza-politikaren inguruan azken hitza nork duen. Argi utzi du hizkuntza-politikaren zartagina estatuaren esku dagoela.

Bigarren auzia, berriz, euskararen normalizaziorako lotutakoa da. Sententzia honek ere argi uzten du estatuak hizkuntza aniztasuna nola ulertzen duen. Alegia, euren tolerantzia amaitzen dela, euskara normaltasunez erabili eta gaztelerak euskarari kendutako eremuak berreskuratzen hasten garen lekuan. 

2018ko Euskaraldiaren testuinguruan Amets Arzallusi elkarrizketa bat egin zioten, eta berak ondokoa esaten zuen:
Gaur egun denok gaude euskararen alde, baita euskararen heriotza diseinatu zutenak eta praktikatu zutenak eta haien oinordekoak ere. Denok gaude euskararen alde. Baina diskurtso horiek badute tranpa bat. Euskara onartzen dute, baina bere eremutxoan, bere bazter horretan, eta gainera, ahal baldin bada, trabarik egin gabe besteei. Hortik ateratzen denean, besteen pare jarri eta erdiguneratzen denean, orduan, gatazkak sortzen dira. 

Oraingoan ere, euskara ofiziala bai, baina ez dela beste hizkuntza ofizialaren pare erakutsi digute; etengabe ondoan gazteleraren makulua behar duela izan erakutsi nahi izan digute.

UEMAk gaurko elkarretaratzea deitzeko eginiko adierazpenean esan bezala, hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen. Desagerrarazi egiten dituzte. Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere. Hori da gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua.

Eta azkeneko ikerketek eta Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi duten bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago. Eta badakigu egoera desberdinean daudenak berdin tratatzeak ez dakarrela justiziarik, are gehiago, egoera desberdin hori urteetako zapalkuntzaren eta bazterketaren ondorioa izan denean. Euskarak, euskaldunok, politika aktiboak, erreparatzaileak behar ditugu, euskarari lehentasuna emango dioten politikak,  egindako kaltea konpontzeko eta euskaraz bizitzeko dugun eskubidea bermatzeko. Euskarari dagokion lekua ematea, euskaldunontzat justizia egitea baita, gutxietsia izan denari duintasuna itzultzea.

Larria da epaia. EAEko udal legeak hizkuntza eskubideak urratzen dituela dio Espainiako justiziak, beste behin ere euskaldunon hizkuntza eskubideak alde batera utzita. Gainera, bereziki udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten die.

Horregatik, UEMA osatzen dugun 118 udaloi eredu izatea eta erantzukizunez jokatzea dagokigula gogoratu nahi dugu, eta euskaraz jarduten jarraituko dugula adierazi. Izan ere, larrialdi linguistikoan dagoen hizkuntzari dagokion lekua ematea dagokigu.
Justizia behar du euskarak, eta Espainiatik heldu dena, beste behin ere, ez da justizia, euskara eta euskaldunok bigarren mailara kondenatzen duen epaia baizik. Horri aurre egiteko, argi dago, bestelako aterpe juridikoa eraiki behar dela.

Gure aldetik, ez diogu uko egingo euskaraz aritzeari; Ez diogu uko egingo euskarak eta euskaldunok behar dugun justiziari.
 

Arloa edo saila