Lezoko gobernu taldeak herritarrentzat arreta zerbitzua zabaldu du

Ar, 2024-03-12 15:54

Udal Gobernu taldearen konpromisoa da herritarrei aukera eskaintzea euren behar, nahi eta kezken berri emateko. Horretarako, herritarrei gobernu taldeko kideekin gertuko harremana izateko aukera eskaini nahi die eta, beraz, gobernu taldeak herritarrentzat arreta zerbitzua zabaldu du.

Horrela, zinegotziren batekin edo alkatearekin hitzordua hartzeko aukera eskaintzen zaie herritar guztiei. Horretarako ondorengo bi aukerak egongo dira:

  • Asteazkenetan 16:00etatik 19:00etara
  • Ostiraletan 9:00etatik 12:00etara

Hitzordua zehazteko, aldez aurretik eskaera egin beharko da. Helburu horrekin, 2 bide eskainiko zaizkie herritarrei:

  • Telefonoz hots egitea ondorengo zenbakira: 943529886
  • Mezu elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: alkatetza@lezo.eus. Kasu horretan, komenigarria litzateke, norbera identifikatzeaz gain, hitz egin nahi den gaiaren inguruko azalpen laburra eta bilera noiz egin nahiko litzatekeen adieraztea.

Hitzordu eskaerak jaso ondotik, inolako argibiderik behar izanez gero, edo inolako eragozpenik izanez gero, Udaletik zuzenean jarriko lirateke herritarrekin harremanetan.

Lehenengo egunetik adierazi bezala, EH Bilduko udal gobernuaren bokazioa da udaletxeko ateak irekitzeaz harago, udal gobernu taldea izatea herritarrengana hurbilduko dena. Honako hau bide horretan lehen urratsa da. Aurrerago etorriko dira gehiago. Guztiontzat onuragarria izango delakoan, segi dezagun Lezo elkarrekin hobetzen.

Arloa edo saila