Lehenengo lanak Altamira auzoko saneamendukoak izango dira, milioi bat euroko aurrekontuarekin. Gutxi gorabehera 4 milioi euro gehiago inbertituko dira Añarbeko hornidura sarea Jaizkibel inguruko tokiko hartuneen mende dauden eremuetara zabaltzeko.
Lezoko Udalak eta Añarbeko Uren Mankomunitateak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean, udalerriko hornidura eta saneamendu sareetan hobekuntza garrantzitsuak egin ahal izateko. Lezoko alkate Mikel Arrutik eta Añarbeko Uren presidente Martin Ibabek sinatutako akordioak 5 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten du eta guztira hamar jarduera jasotzen ditu.
Martin Ibabek hitzarmenak eskatzen duen “ahalegin ekonomiko eta tekniko esanguratsua” nabarmendu du, eta adierazi du “Añarbeko Mankomunitatearen konpromiso sendoari eta bi erakundeen arteko koordinazioari esker izan dela posible aurrera eramatea”.
Aurreikusitako lehen obrak Altamira auzoan egingo dira, saneamendu-sistema berritzeko. Esku-hartze horri esker, Pasaiako badiara egiten diren hondakin-uren egungo isurketak kendu ahal izango dira, eta Loiolako araztegira bideratuko dira, itsasora isuri aurretik behar bezala tratatzeko. Mikel Arruti Lezoko alkateak azpimarratu duenez, “auzoa eraiki zenetik euri-urak eta ur zikinak bereizi gabe isuri dira. Oinarritik konpondu beharreko funtzionamendua da eta lan handia ekarriko du, baina ezinbesteko lanak dira herriaren eta ingurumenaren zaintza bermatzeko”.
Ingurumen hobekuntza nabarmena ekarriko duen jarduera honek 1.075.611 euroko aurrekontua du, % 61,9 Añarbeko Urak-ek eta % 38,1 Lezoko Udalak finantzatuko dutelarik. Obrak aurtengo azken hiruhilekoan hastea aurreikusi da, eta gauzatzeko epea hamar hilabetekoa izango da.
Gainera, hitzarmenak beste jarduera batzuk jasotzen ditu udalerriko hornidura-azpiegiturak hobetzeko, handitzeko eta birgaitzeko, hirigunetik kanpo dauden eta Jaizkibelgo hartuneetatik (Monatxo sistematik) ura jasotzen jarraitzen duten eremuetako ur-hornidura indartzeko. Hartune hauek Udalak Añarbeko Mankomunitateari transferitu zizkion 2022an. Hornidura jarduera hauen proiektuek datozen hamabi hilabeteetan amaituta egon beharko dute, eta obrek, berriz, gehienez ere beste bi urte eta lau hilabeteko epea izango dute.
4 milioi euro inguruko inbertsioarekin, lan hauek ia udalerri osoa Añarbeko hornidura sarean sartzea ahalbidetuko dute, horrela Lezoko etxe guztietan edateko uraren kalitate uniformea bermatuz. Era berean, hobekuntzei esker, sistema egokitu ahal izango da suteen aurkako babesari eta uraren kalitateari buruz indarrean dagoen araudira, eta, gainera, baliabide naturalak babesten lagunduko du, inguruko iturburuen gaineko presioa murriztuz.
Alkateak azaldu duen moduan, hitzarmen hau aurrerapauso garrantzitsua da Lezoko azpiegitura hidraulikoen modernizazioan. Etengabe sistemak berritzea eta hobekuntzak egitea ezinbestekoa da azpiegitura guztien optimizazioa bermatzeko eta herritarrak, zerbitzuak eta ingurua zaintzeko.
Lezoko Udalak positiboki baloratzen du akordio hau behingoz, Altamirako auzoko arazo horri eta, gainera, igerilekuko arazoari ere irtenbidea emango diogulako.