Lezoko Udala eta ferialariak akordio batera iritsi dira, Santakrutzetan atrakzioak euskaldunagoak eta herritar guztientzat izan daitezen.
Festetako egitarauaz gain, Lezoko Udalak festak osatzen dituzten beste elementu batzuetan ere jarri nahi izan du ikusmira, aurrerapausoak ematen jarraitzeko. Mikel Arruti Lezoko alkateak adierazi duenez, festak herriarenak dira, lezoartasuna eta elkartasuna ospatzeko egunak, eta antolatzen diren ekintzez gain hainbat gunek osatzen dituzte horregatik, “Jai Batzordeak eta herriak dituen baloreak barraketan ere adieraziko dira, barrakek eragin positiboa eduki dezaten jaietako bizikidetzan”.
Adostutako neurriak hurrengoak dira:
- Prezio finkoa: bidai bakoitzak 2,5 € balioko ditu atrakzio guztietan, eta 5 bidaiko bonuak 10 €.
- Umeen eguna: Irailaren 18an (osteguna), umeen eguna izango da eta egun horretan bidaia bakoitzak 1,5€ balioko ditu.
- Ingurumena zaintzea: atrakzioak jartzen diren eremuaren ingurua ahalik eta garbien mantentzeko, Lezoko Udalak zabor ontziak jarriko ditu festak iraun bitartean.
- Musika euskaraz: eremuan musika jarrita egoten da denbora luzez, eta bertan entzungo diren abestien %80 euskaraz izango dira.
- Tarte inklusiboa: egunero, 17:00etatik 18:00etara bitarte, atrakzioen gunean ez da musikarik ez eta soinu ozenik egongo. Horrela, pertsona autistek edo entzumen-hipersentikortasuna duten pertsonek ere barraketaz gozatzeko aukera izan dezakete.
Santakrutzetako aisialdi guneak gero eta euskaldunagoak, inklusiboagoak eta jasangarriagoak izan daitezen aurrerapauso bat da akordio hau. “Barrakak ere festen parte izanik, bertan euskara presente egotea, denontzat eskuragarriak izatea edota denok bertan gozatzeko aukera izatea ezinbestekoa da, horregatik oso pozgarria da jaietan ere bizikidetza eta errespetua oinarri duten aurrerapausoak ematea”, adierazi du alkateak.