EUSKARALDIA AURKEZTU DU LEZOKO EUSKARALDIKO BATZORDEAK

Og, 2025-02-13 13:51

Maiatzaren 15etik 25era ospatuko da laugarren Euskaraldia. Lezoko Udalak, herriko hainbat eragilek eta norbanakok osatzen dute ekimena dinamizatzeaz arduratuko den batzordea eta asteartean egin zuten agerraldia plazan.

Udaberrian izango da Euskaraldia, maiatzaren 15etik 25era bitarte zehazki. Hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen ariketa da, Euskal Herri osoan egiten dena. Argi azaldu zuen batzordeak aurkezpenan: "Helburu nagusia du Euskaraldiak: euskara ulertzen duten hitztunen hizkuntza-ohiturak aldatzea eta hizkuntza-praktikak aktibatzea, euskararen erabilera handitzea eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta 11 eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez". 
Herriak izena eman du ekimenean parte hartzeko eta martxotik aurrera izango dute herritarren izena emateko aukera, ahobizi edota belarriprest rolekin. Gainera, Lezoko Euskaraldiko Batzordea hasi da Euskaraldiko egitarau prestaketa lanetan, edukiz betetako egunak izan daitezen: "ekintzaz osatu nahi ditugu maiatzeko 11 egun horiek. 1+1 ez dira 2, HAMAIKA baizik. HAMAIKAKOA ere osatu nahi dugu. Hamaika aukera, hamaika harreman, hamaika hitz, hamaika ekintza". Lezoko HAMAIKAKOA martxoaren 11ean aurkeztuko dute. 
Baina ekimena egun horietatik haratago eramateko asmoa nabarmendu zuen taldeak, Lezo euskaragarriago egiteko eta herritarrak EUSKAHALDUNTZEKO tresna izango da, euskararen erabilera elikatu eta errotzeko.
"Mezua igorri nahi dizuegu, zuei guztiei, hizkuntza ohiturak alda ditzazuen, urrats txiki bezain erraldoi horiek eman ditzazuen. Udaberriaren indarraldiarekin batera lortuko dugu, udaberriak beteko gaitu energiaz, gainetik kenduko ditugu izan ditzakegun beldur, konplexu, zama horiek guztiak eta oldarralditik loraldirako saltoa emango dugu, EUSKAHALDUNDUZ. Euskarak zipriztinduko gaitu eta elkar zipriztinduko dugu euskal hiztunok". 
Asmo horrekin egin zion Euskaraldiko Batzordeak lezoarrei deialdia, 'Elkar mugituz egingo dugu' lelpoean, Lezo euskaragarri egiteko, lezoarren egunerokoan hizkuntza ohiturak iraultzeko, elkarrengan euskaraz eragiteko eta Lezo euskararen arnasgune bihurtzeko.
Arloa edo saila