Lezon euskararen normalizazioa bultzatzeko eta hizkuntza eskubideak bermatzeko plan estrategikoa osatzeko prozesua, martxan

Or, 2024-03-15 09:25

Duela gutxi Lezo Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide egin da. Beraz, udalerri euskalduntzat jo daiteke herria, baina gaur gaurkoz Lezon ere euskaraz bizi ahal izateko hainbat eragozpen eta oztopo bizi dira, eta erdara da nagusi gure herrian.

Herritarren artean euskararen ezagutza dezente zabaldu den arren, gehienek gaitasun handiagoa dute gazteleraz, errazagoa eta erosoagoa zaie gazteleraz hitz egitea.

Iker Salaberria euskara zinegotziaren esanetan “ez ditugu alde gaur egungo joera orokorrak. Teknologia berrien eraginak, sare sozialen sarbideak, eta ikus-entzunezkoek herritar isolatuz eratutako gizarte homogeneoak bultzatzen dituzte, eta testuinguru horretan, erdarak dira nagusi”.

“Azken urteotan, gainera, euskararen aurkako oldarraldi betean gaude, gure eskubideak bermatzeko urratsak bertan behera uzten ikusten ari gara, eta gure herrian zapaldua eta baztertuta izan den hizkuntza-komunitatea zapaltzailetzat agertzea bilatzen duten diskurtsoa zabaltzen ari dira batzuk”.

“Besteak beste aldagai hauek eragiten dute gaur egungo euskararen erabileran. Azkeneko ikerketen argitan, gaur egungo baldintzekin ezin espero liteke euskararen erabilera askorik hobetzea. Beraz, horri aurre egingo badiogu, euskararen erabilerarako egiturazko eta hurbileko baldintzak hobetzeko lan egitea dagokigu” gaineratu du Salaberriak.

Lan hori zaila eta konplexua da. Horregatik, beharrezkoa da instituzioen eta komunitatearen bultzadak batzea. Lezon prozesu hori abiatzera doa. Udalgintza eta herrigintza bateratu nahi dituena. Herritarrei parte hartzeko eta euren ekarpena egiteko aukera emango diena.

“Funtsean, euskararen ezagutza lezoar guztion artean zabaldu eta euskara eroso erabiltzeko espazioak sortu, garatu eta elkarlotzeko bidea marraztu nahi du abiatu dugun parte hartze prozesuak” esan du zinegotziak.

Horretarako, udalgintzatik zein herrigintzatik egin litekeena proposatzeko, hainbat gairen inguruko (aisialdia, hezkuntza, familia, merkataritza, gazteak…) eztabaida-foro irekiak egingo dira. Eta gai honen inguruko elkarrizketak eta gogoetak herritar ahalik eta gehienen artean zabaltzea nahi denez, bestelako ekimenak ere antolatuko dira: Bizkarsororen emanaldia, Urtzi Urkizuren liburuaren aurkezpena, kirolaren inguruko mahai-ingurua, gurasoentzako hitzaldiak…

Prozesu horren jarraipena egin eta ekarpenak egiteko, aste honetan lehen aldiz bildu den kontraste taldea osatu da. Kontraste talde honen zeregin nagusia egingo den diagnostikoaren eta aurrera begira proposamenen gaineko iritziak eta ekarpenak egitea izango da.

Ondorengo eragileetako kideek osatzen dute kontraste taldea: Oarsoaldeko euskara zerbitzua, Ttakun euskara elkartea, AEK, Herri Eskolako Euskara Talaia guraso taldea, Ikastolako Errota guraso taldea, Allerru futbol taldea eta UEMA.

“Sortu dugun leloan dioen bezala, Lezo euskaragarria dela uste dugu. Euskara lezoar guztiei  eskuragarri jarri nahi diegu, eta Lezo berriro euskaldun izatea lortzeko ametsa dugu” amaitu du Iker Salaberriak.

Arloa edo saila