'EUSKARAREKIN BAT' EGINGO DU LEZOK LARUNBATEAN

Og, 2025-07-17 15:14

Euskararen normalizazioaren aurkako Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzitako sententzia salatzeko, elkarretaratzea deitu du Lezoko Udalak larunbatean, 12:00etan udaletxe parean.

EAEko Auzitegi Nagusiak Udalen Legean euskararen normalizazioa helburu duten artikuluak baliogabetu egin zituen 2023an. Eusko Jaurlaritzak helegitea jarri ondoren, atzo, Espainiako Auzitegi Gorenak ere atzera bota zituen arkitulu gehienak eta euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi zuen sententzian. 

Euskararen aurkako oldarraldiari aurre egiteko eta euskarak justizia behar duela aldarrikatzeko, UEMAk agerraldia egin du gaur eta mankomunitateko kide diren herrietan elkarretaratzeak deitu ditu larunbatean, 12:00etan. 

Lezoko Udalak bat egin du adierazpenarekin eta euskararen normalizaziorako, biziberritzeko eta eskubideen aldeko lana egiten jarraituko duela adierazi du. Horregatik, larunbatean, 12:00etan, udaletxe parean egingo den elkarretaratzera deitu ditu herritar guztiak, 'Euskararekin bat' egitera. 

UEMAren adierazpena

Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dute, beste behin ere. Izan ere, eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak ere eta, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi dute sententzian.

Euskara, ordea, ez da beste hizkuntza ofizialen parekoa. Ezta ofiziala den lekuetan ere. Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi duen bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago. Baita minorizazio gorrian ere, azken ikerketek erakutsi duten moduan. Izan ere, euskara jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan zehar. Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen. Desagerrarazi egiten dituzte. Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere. Hori da gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua.

Euskal gizarteak eta euskal erakundeek, ordea, gehiengo zabalarekin, euskarak dagokion lekua izan behar duela erabaki dute. Gutxitutakoa lehengoratzea. Normalizatzea. Biziberritzea. Horretarako ezinbestekoa da euskara lehenestea, eta euskararen aldeko erabakiak hartzea, elebitasun simetrikoa gaindituta. Parekidetasunik ezean, berdintasuna heriotz zigorra baita. Orekak ez du balio lurrean zaudenean. Horregatik lehenesten dugu euskara. Euskaldunak garelako. Euskara delako gure hizkuntza. Euskaraz garelako. Eta euskaraz izaten jarraitu nahi dugulako. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea gara, ez Udalerri Elebidunen Mankomunitatea. Euskarari dagokion lekua ematea euskararentzat justizia egitea baita. Zapaldua eta gutxietsia izan denari duintasuna itzultzea, eta egindako kaltea konpontzeko bidea jartzea.

Horregatik, udalerri euskaldunentzat mugarria izan zen EAEko udal legea, elebitasun simetrikoa gainditzeko eta euskara lehenesteko aukera eman zuelako. Ezagutu berri dugun epaiak, ordea, udal legea kimatu eta ebatzi du ezin dela “neurririk hartu hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko, horrek berak urratu egingo lukeelako koofizialtasuna”.

Larria da epaia. Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza-politiken aurkakoa ere badelako, eta euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen duelako, ondoan gazteleraren makulua ez duenean. EAEko udal legeak hizkuntza eskubideak urratzen dituela dio Espainiako justiziak, beste behin ere euskaldunon hizkuntza eskubideak alde batera utzita. Gainera, bereziki udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten die.

Ia UEMA sortu zenetik aritu da Espainiako justizia udalerri euskaldunen jardunaren aurka, euskararen normalizazioa eta biziberritzea eragotziz. Ez ditugu ahaztu aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko oztopoak eta epaitegien ezpatapean igarotako urte guztiak.

Horregatik, UEMA osatzen dugun 118 udalen eta horiek ordezkatzen duten 353.000 biztanleko lurgunearen izenean, eredu izatea eta erantzukizunez jokatzea dagokigula gogoratu nahi dugu, eta euskaraz jarraituko dugula adierazi. Izan ere, minorizazio gorrian eta larrialdi linguistikoan dagoen hizkuntzari dagokion lekua ematea dagokigu. Justizia behar du euskarak, eta Espainiatik heldu dena, beste behin ere, ez da justizia, euskara bigarren mailara kondenatzen duen epaia baizik. Horregatik, aukera guztiak aztertu, eta prest gaude EAEko udal legea dagokion lekuan defendatzeko, baita Europako auzitegietan ere, zerbitzu juridikoek horretarako aukera ikusiz gero.

Era berean, UEMAko kide diren 118 udalei dei egiten diegu, epai hau salatzera eta euskaldunon eskubideen alde egitera kalera atera daitezen, Euskararekin bat lelopean, udaletxeen aurrean elkarretaratzeak eginez, larunbat honetan, uztailaren 19an, 12:00etan. Deialdi horiekin bat egitera deitzen ditugu euskalgintzako eragileak eta herritarrak ere.

Ez diogu uko egingo euskaraz aritzeari. Ez diogu uko egingo euskarak behar duen justiziari.