Bertan da Muittubizi! Bizikleta mailegu udal zerbitzua

Or, 2022-08-19 12:03

Abuztuaren 22an Lezoko Udalak martxan jarriko du zerbitzua.

Astelehenetik aurrera (abuztuak 22) bizikleta mailegu udal zerbitzua martxan jarriko du Lezoko Udalak. Irlentz Ortega, Kirol zinegotziak, aurkeztu du ekimena: “Mailegu-sistemaren helburua da herritarrak konturatzea bizikletaren erabilera euren eguneroko desplazamenduetarako oso eraginkorra izan daitekeela (azkarragoa da eta osasun fisikoa eta buruko osasuna hobetzen ditu, besteak beste); honekin batera bizi ohitura aktiboak eta gozagarriagoak txertatzea egunerokotasunean eta baita ere desplazamendu mota jasangarriak sustatzea”.

Mailegu sistema batez ere, distantzietan oinarrituz, eskualdera eta Donostiara egiten diren desplazamenduetarako pentsatua dago, herri barruan berdin erabili daitekeelarik.

“Gure herria eta eskualdeko orografia eta herritarren profil ezberdinak kontuan hartu ondoren 8 bizikleta elektriko tolesgarri aukeratu dira lehen fase honetan zerbitzurako (aldapak, igogailuak eta badiako txalupa aintzat hartu dira)” gaineratu du Ortegak.

Sistemaren ezaugarriei dagokionez, aurrez aurretiko sistema da, Bekoerrota kiroldegiko harreran mailegatu eta bueltatu behar dira; bizikletak mailegatzeko bertan zerbitzuan altan eman behar da. Lezoko kirol instalazioetako abonatuentzat doakoa da eta beste lezoarrentzako urtean 10 €ko kostua izango du; badago ere ordukako mailegua egiterik (1,5 ordu: 5 €, 3 ordu: 8 €, egun erdia: 12 €, egun osoa: 18 €).

Bizikleta mailegatzerakoan giltzadun giltzarrapoa jasoko da eta mailegu epea amaitzerakoan bizikleta eta giltzarrapoa leku berean utzi beharko dira.

Maileguak Bekoerrotaren irekiera ordutegian egin daitezke.

  • Astelehenetik ostiralera 8:00-21:00.
  • Larunbatetan 8:15-14:00 // 15:15-20:00
  • Igande eta jaiegunetan 9:00-13:30.

Zenbat bizikleta libre dauden https://www.lezo.eus/eu/kirola/bizikleten-mailegua gunean edo Lezoko APPan ikusterik egongo da, baita zerbitzuaren ezaugarriak eta arautegia.

Gainera, Pasaiako Udalarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren ondorio batetik Pasaiako mailegu zerbitzuko bizikletak ere erabiltzeko aukera izango dute Lezoko zerbitzuan altan emanda dauden pertsonak eta bestetik bizikletak bi herrietako edozein mailegu guneetan uzterik izango dute; hau da, Lezon hartu eta San Pedron utzi edo alderantziz.

Lezoko Udalak Pasaiako udalari eskerrak eman nahi dizkio zerbitzu hau martxan jartzeko eman dion laguntzarengatik.

Lezoko Udalak espero du bizikleta erabiltzeko ohiturik ez duten herritarrek zerbitzu hau probatzera hurbiltzea eta gustuko ikusten badute norberak bere bizikleta erostea eta bere desplazamenduetarako bizikleta erabiltzea egunerokotasunean.

Informazio gehiago: 943510311 eta 943513476 telefonoetan edota kirolak@lezo.eus helbide elektronikoan.

Arloa edo saila
Eranskinak