Lezoko udaleko pleno aretoan, 2025eko urtarrila eta maiatza arteko kultura agenda aurkeztu dute Jon Legorburu kultura zinegotziak eta Xanti Val kultura teknikariak. Prentsaurrekoak une berezia izan du Jon Legorburuk hil berri den Patri Urkizu alkate ohia eta euskal kulturaren erreferentea gogora ekarri duenean: "Lezoko frankismoaren ondorengo alkatea izan zen bai, baina era berean, euskal kulturaren eta literaturaren erreferenteetako bat ere bai. Agerraldi hau aprobetxatu nahi dugu bere izena goraipatzeko".
2025eko urtarriletik maiatzera bitartean Lezon gauzatuko diren 45 ekitaldiak aurkeztu dira gaur. Programazio zabal eta anitz horrek publiko mota guztientzat pentsatutako jarduerak barnebiltzen ditu, hainbat tokitan eta diziplina ezberdinetan antolatuta.
Egitarauan haurrei zuzendutako jarduerak, haur eta familia zinema, dantza, antzerkia, ipuin-kontaketak, literatura solasaldiak eta musika emanaldiak nabarmentzen dira. Helburua kultura eskuragarri eta askotarikoa eskaintzea da, Lezoko bizilagun guztiei esperientzia aberasgarriak eskaintzeko.
Kultura zinegotzi Jon Legorbururen arabera, "kultura agendak Lezoko nortasuna eta komunitatea indartzen ditu, belaunaldi ezberdinak elkartuz eta gure kulturaren aberastasuna partekatuz".
Bestalde, Xanti Val kultura teknikariak tokiko kultura espazioek duten garrantzia azpimarratu du , “udalerrian zehar ekimen ugari antolatzeko aukera ematen dutelako, tokiko ondare kulturala sustatuz".
Lezoko Udalak urtarriletik ekainera prestatu duen kultur agendaren berri eman du. Orotara 45 proposamen landu ditu, nahiz ia denak Gezala Auditoriumean garatuko diren badaude kalean nahiz Tomas Garbizu Musika Eskolan egingo direnak ─Lesoinuren barruko zenbait martxoaren 29tik maiatzak 11era─. “Berriro ere, egitarau zabala eta sakona antolatu da, herriari bizia ematen dioten jarduerak dira eta adin tarte guztiei zuzenduak. Denetarik eta denontzat egongo dira”, azaldu du Xanti Valek.
Antzerki familiarra, helduentzako antzerkia, zinema, dantza, musika, hitzaldiak, literatur solasaldiak… kasik denetik topatu ahal izango da egitarauaren barruan. Aldi berena, Kultur Teknikariak eskerrak eman nahi izan dizkie antolaketa lanetan izan direnei ─Udal Liburutegia, Tomas Garbizu Musika Eskola, Lezoko Zinema Ttikia nahiz Kultura Saileko langileak).