Konpostaje urtea amaituta, otsailaren 14an batzarra egin eta sariak banatuko dira

Al, 2023-02-06 11:45

Urteko batzarra otsailaren 14ean 18:30etan Kultur Aretoan izango da. Antolatutako lehiaketaren sari banaketa bertan egingo da.

Abenduaren 13an 2022ko azkeneko jarraipen bisita egin ondoren, konpostajearen beste urtebete bati amaiera eman zitzaion.

Ohi bezala, Udalak erabiltzaileei arduragatik eta materia organikoa birziklatzeagatik eta, hedaduraz, ingurumenarekiko duten konpromisoagatik eskerrak eman nahi dizkie.

2022an zerbitzu honen barruan ekintzarik garrantzitsuenak guneen jarraipen bisitak izan dira.  9 bisita gauzatu dira eta 2 gehiago tenperatura neurketak egiteko. Hortaz, guztira, 11 bisita izan dira. Bisita bakoitzean, Lezoko auzokonpostaren gune guztiak bisitatu dira: Altamira, Andreone, Aralar, Arretxene eta Lopene.

Jarraipen bisita hauetan, herriko auzo-konpostaren egoera eta bilakaera konprobatzen dira. Jasotako datuak aztertu, Lezoko konpostaren diagnostikoa lortu eta erabiltzaileekin partekatuko da.

Urtero, jarraipen bisitaz gain, konpostajea sustatzeko ala hobetzeko hainbat ekintza egiten dira. Aurtengo ekintza berria izan da. Oraingoan, auzo-konpostean parte-hartzen dutenei saritu nahi izan zaie eta horretarako lehiaketa moduko bat antolatu zen. Azpimarratu behar da lehiaketaren ideia auzokonpostako parte-hartzaile batek proposatu zuela urtero proiektuaren martxaren berri emateko egiten den bileran. Lehiaketa honen helburua norberaren konpostagailuan tenperatura hoberena eta egonkorrena lortzea izan da.

Lezoko auzokonposta gune guztietan dauden kutxa aktiboen jarraipena egin da, eta jasotako tenperaturak jarraian dagoen taulan kontsultatu daitezke. Emaitzen arabera talde irabazleak zein izan diren erabaki da:

Sailkapena

Hiru emaitza onenak hauek izan dira:

  1. ARRETXENE C taldea: 34,2ºC-tako tenperaturarekin.
  2. ARALAR C taldea: 30,6ºC-tako tenperaturarekin.
  3. ANDREONE B taldea: 29,8ºC-tako tenperaturarekin.

Zorionak txapeldunei!

Beraz, Lezoko Udalak urteko batzarrera animatzen ditu herritarrak. Otsailaren 14an, 18:30etan, Kultura aretoan ospatuko den ekitaldi horretan, txapeldunentzat ez ezik, parte-hartzaile guztientzat opariak egongo dira.

Ingurumeneko zinegotzia den Joxean Sánchezen ustez, “konpostajea modu komunitarioan edo etxean egitea ekintza ekologikoa da, hondakinen tratamenduan kostuak aurrezten ditu eta herritarren parte-hartzea sustatzen du; era horretan hondakinen kudeaketan eragile aktibo bihurtzen dira”.

Arloa edo saila