Iraileko Osoko Bilkuran zergen ordenantzaren eguneraketa onartu zen. Hartutako erabakien artean, zaborren gaineko tasaren igoera jaso zen. 2025ean %50ko igoera izan du, legeak ezartzen dituen baldintzetara gerturatzeko.
Horren berri webgunean, sare sozialetan, komunikabideetan eta herriko etxe guztietara bidalitako LEZON aldizkariaren bidez eman zen. Edozein kasutan, erreziboak orain kobratu direnez, informazioa berriro zabaltzea beharrezkotzat jo du Lezoko Udalak.
2025eko apirilaren 10az geroztik, 5.000 biztanletik gorako herriak ere behartuta daude Estatuko hondakin eta lur kutsatuen 7/2022 legea betetzera. Lege horrek hondakinen kudeaketa zerbitzua ezin dela defizitarioa izan ezartzen du. Hau da, hondakinen bilketak ezin die gasturik eragin erakunde publikoei. Orain arte Lezoko kasuan defizit handia sortzen zuen zerbitzua zen, 180 mila eurokoa zehazki (pertsonal gastuak eta zeharkako gastuak aintzat hartu gabe).
Iraileko Osoko Bilkuran adostutako aldaketen aurretik Lezo Gipuzkoako antzeko tamainako udalerrien artean, tasa baxuena zuen udalerria zen:
UDALERRIA | BIZTANLEAK | TASA | |
1 | Mutriku | 5.313 | 244,08 |
2 | Elgoibar | 11.500 | 224,72 |
3 | Deba | 5.393 | 199,98 |
4 | Azkoitia | 11.636 | 174,88 |
5 | Orio | 6.125 | 170,35 |
6 | Zumaia | 10.211 | 170,35 |
7 | Ordizia | 10.641 | 156,49 |
8 | Aretxabaleta | 7.155 | 151,35 |
9 | Lazkao | 6.013 | 146,98 |
10 | Legazpi | 8.341 | 132,00 |
11 | Zumarraga | 9.573 | 131,88 |
12 | Oñati | 11.567 | 125,84 |
13 | Urretxu | 6.739 | 122,24 |
14 | Oiartzun | 10.331 | 116,06 |
15 | Astigarraga | 7.666 | 111,98 |
16 | Urnieta | 6.200 | 109,72 |
17 | Villabona | 5.826 | 105,00 |
18 | Usurbil | 6.350 | 99,88 |
19 | Lezo | 6.008 | 96,60 |
Lege hori betetzeko tasak igotzea ezinbestekoa zen Lezoko Udalarentzat eta iraileko Osoko Bilkuran %50eko igoera onartu zen. Igoera horrekin, 145 mila euro gehiago eskuratzea aurreikusi du udalak hondakinen kudeaketa zerbitzurako. Beraz, defizita dezente gutxitu arren, oraindik ere ez da gastu guztiak estaltzera iritsiko.
Kontuan hartu behar da, gainera, hobariei esker zailtasunak dituzten familiek laguntza ekonomikoa jasotzeko aukera dutela. Izan ere, oinarrizko zerbitzuetan (OHZ, ura, estolderia, hondakinak) %90 eta %20 bitarteko hobariak eskura ditzakete Lezoko Udalean.