Ondorengo adierazpenaren bidez Lezoko mugimendu feministak eta Lezoko Udalak, aho batez, herriko jaietan gertatu diren eraso matxistak salatu nahi ditu.
Santakrutzen hasieran adierazi genuen ez genuela inolako erasorik onartuko. Bada, brigada moreko kideek jakinarazi dute ostiral gauean komunitate transmarikabibolloaren aurkako bi eraso egin zirela. Eta horrez gain, larunbatean beste pertsona batek egindako eraso matxista anizkoitzak salatu eta gorpuztu zirela emakumeen gorputzetan.
Jazoeraren berri izan eta informazioa baloratu eta egiaztatu ostean, “Herrian indarkeria matxisten aurrean jarduteko protokoloa” aktibatu da. Erasoa jasan duenari gure laguntza eta babesa helarazteaz gain, gure gaitzespena adierazteko adierazpen bateratu hau kaleratzea erabaki dugu.
Ezinbestekoa iruditzen zaigu urte luzez normaltzat jo izan diren zenbait jarrera eta portaera auzitan jartzea, eta horietatik eratortzen diren menderatze eta beldurrarazte ekintzak salatzea. Zalantzarik gabe, horrelako gertakariek alarma sozial handia, segurtasunik ezaren sentsazioa eta beldurra eragiten dituzte, batez ere sistema zisheteropatriarkalak zaurgarri bihurtzen dituen pertsonen artean. Bizikidetzaren oinarri izatea nahi dugun balioen guztiz aurkakoak dira, eta, ez dute lekurik gure herrian ez eta gure gizartean.
Herrian jaso berri diren gertaerek argi erakusten dute oraindik ez diogula indarkeria matxistari amaierarik eman. Ildo horretan, sistema patriarkalarekin bukatzeko gure konpromisoa berretsi nahi dugu. Horretarako, Lezoko Udalak eta mugimendu feministak lankidetzan jarraituko dugu. Eta lanketa hori, noski, gainerako erakundeekin, elkarteekin, mugimenduekin eta herritarrekin partekatuko dugu. Guztiok askatasunez bizi ahal izatea bermatzeko, inolako indarkeriarik gabeko udalerri batean.
Amaitzeko, brigada moreko bolondresen lana eskertu nahi dugu, euren esku-hartzea ezinbestea izan baita eraso hauek identifikatzeko, eta ziurrenik, urrunago joatea eragozteko. Horrekin batera, Lezoko herritar guztiei deia egin nahi diegu inguruan ikusi ditzaketen eraso matxistei aurre egiteko, eta horiek salatzeko.
Guztiok beldurrik gabe eta askatasunean bizi ahal izan ditzagun jaien alde. Indarkeria matxistaren aurka eta elkarbizitzaren alde.