Lezoko Berdintasun Kontseilua aurkeztu dute

Og, 2026-03-12 18:41

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Lezoko Berdintasun Kontseilua sorrera prozesuan parte hartu duten kideek eta Lezoko Udalak. Herri parekide bat helburu izanik, Lezon aldaketa errealak proposatu eta denon bizitzak erdigunean jarriko dituen organoa da Berdintasun Kontseilua.

Urtebeteko lanaren ondoren herriko hainbat eragilek, norbanakok eta Lezoko Udalak Berdintasun Kontseilua aurkeztu zuten atzo. Eneritz Arruti Osanbela Lezoko Udaleko berdintasun zinegotziak eta Josune Saizar Sarasua Kontseiluaren sorreran parte hartu duen kideak azaldu zituzten organo berriaren nondik norakoak. 

Lezoko Udalak legegintzaldi hasieratik argi izan du Berdintasuna zeharlerro garrantzitsua izan behar zela. Kontseilua udalaren legegintzaldiko lehentasunen barruan kokatzen da, gainera, tokiko administrazioek herritarren parte-hartzea sustatzeko eta berdintasun politikak modu partekatuan garatzeko tresnak sortzea eskatzen du indarrean dagoen legediak. Herritarren aldarria ere ezinbestekoa izan da, Arrutik azaldu zuenez, «nabarmena zen herrian horrelako organo baten beharra, hala adierazi du luzaroan mugimendu feministak». 

Prozesuan parte hartu duten kideen izenean, Saizarrek azpimarratu zuen Kontseiluak herriarentzat tresna izan nahi duela, Lezon ikuspegi feminista lantzeko, herritarren beharrak identifikatzeko eta berdintasunaren aldeko proposamenak garatzeko. Sorrera prozesuan hainbat eragilek eta norbanakok hartu dute parte, «horietako bakoitzari eskerrak eman nahi dizkiegu momentu konkretu batean, prozesu osoan zehar, zeharka edo zuzenean eragin dutelako berdintasunaren alde eta herri parekideago bat lortzeko bidean».

Organoaren helburua herriarentzat tresna bat izatea da, ikuspegi feminista orokor zein zehatzak landuko dituena. Tokitik eragin eta inguruan aldaketa errealak eragin nahi du, pertsona guztien bizitzak erdigunean jarriz. «Aldaketa horiek lortzeko egiturek herri boterea behar dute, herritarren erabakimena eta ekarpena», azaldu zuen Saizarrek. 

Horregatik, antolatzaileek herritar guztiei egin diete deia, bereziki gazteei, herri parekideago baten eraikuntzan parte hartzera.

 

Berdintasun Kontseiluaren sorrera prozesua

Kontseiluaren sorrera urtebete baino gehiagoko prozesuaren emaitza izan da. Hasieran, Udalak gidatutako bi saio egin zituzten oinarriak lantzeko eta beste esperientzia batzuk ezagutzeko, tartean Errenteriako Berdintasun Kontseiluaren jarduna. Hasierako saio horietan parte hartzea anitza eta handia izan zen. Ondoren, prozesuaren konplexutasunak errazteko, Elhuyarren aholkularitza profesionalarekin jarraitu zuen Kontseiluaren sorrerak eta bigarren fase horretan egonkortu zen lan taldea, zortzi lagunek osatua.

Kontseiluaren araudiak behin-behineko onarpena jaso du udalbatzan, eta gaur egun alegazioak aurkezteko epea zabalik dago. Behin betiko onarpena iristen denean —aurreikuspenen arabera hilabete amaieran— zabalduko da Kontseiluan parte hartzeko aukera. 

Arloa edo saila