LEZOKO UDALAK INDARKERIA MATXISTARI AURRE EGITEKO GIDA BANATU DU

Og, 2024-12-05 12:52

Lezoko Udalak indarkeria matxistaren kontrako gida berritzailea banatu du herriko etxe guztietara. Gida elebitan argitaratu da, eta udalaren webgunean ere eskuragarri egongo da. Gainera, arabierazko bertsioa anbulategian eta udal bulegoetan eta webgunean ere jarriko da herritarren eskura. Egitasmo honen helburu nagusia da indarkeria matxistaren egoerak identifikatzea eta horien aurrean herritarrei baliabide erabilgarriak eskaintzea.

Gidak indarkeria mota ezberdinak azaltzen ditu, eta hauek gerta daitezkeen eremuak zerrendatzen ditu. Era berean, ohartarazpen gisa, hainbat aurreiritzi eta uste oker jasotzen ditu, indarkeria matxistari buruzko kontzientzia areagotzeko. Horrez gain, indarkeria pairatzen dutenek edo inguruan antzematen dutenek nola jokatu dezaketen informazioa ematen du.

Hain zuzen ere, indarkeriaren kontrako gida izozmendi baten metafora da: uretatik kanpo errazago ikus daitezkeen indarkeria motak eta ur azpian dauden, eta askotan ikusezinak diren, beste indarkeria motak irudikatzen ditu. Azken atalean, gainera, udal eta eskualdeko erakunde eta zerbitzuen ordutegiak eta harremanetarako telefonoak zehazten dira, laguntza azkar eta eraginkorra bermatzeko.

Lezoko Udalak uste du gida hau baliabide eraginkorra izango dela indarkeria matxistaren aurkako borrokan, eta herritarrak animatu nahi ditu gida irakurtzera eta berau zabaltzera, elkar zaintzen duen komunitatea sortzen jarraitzeko.

Gidarako lotura
 

Arloa edo saila