Aste honetan, Lezoko Udaleko langileak elkartu dira Udalean euskararen normalizazioa gidatuko duen VII. Erabilera plana zehazteko prozesuaren berri jasotzeko.
Horrekin batera, abenduko Osoko Bilkuran Lezo Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMAko) kide izate erabaki ondotik, mankomunitateak Lezorako izendatutako teknikariak UEMAren berri eman zien bertaratuei. Horrela, hizkuntza-politiketan eragiteko UEMAk betetzen duen eragile paperaz gain, gaur egun udalerri euskaldunen errealitatea sakonago ezagutzeko garatzen dituen ikerketa lerroak azaldu ziren, bai eta Udalei eskaintzen dizkieten zerbitzu eta proiektu aitzindariak ere.
Iker Salaberria Euskera zinegotziaren esanetan: “bilera horien ondotik, Lezoko Udalaren barruko diagnostikoa abiatuko da. Horrela, gaur egungo hizkuntza erabileraren eta kudeaketaren argazki zehatza osatzeko. Diagnostiko hori oinarri hartuta, euskararen erabilera normalizatzeko plan-estrategikoa osatzea aurreikusi dugu, bai eta unean-unean erabili beharreko hizkuntza arautuko duen hizkuntza irizpideen dokumentua ere”.
Prozesu horrek Udalaren zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza euskara izatea bultzatuko du, betiere, herritar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatuz.
Udalaren barrura begirako prozesua abiatu berri den honetan, kalera edo herrira begira ere euskararen normalizazioa sustatzeko prozesu parte hartzailea abiatzea aurreikusten da epe laburrean.