Euskararen Paparazziak argazki lehiaketaren bosgarren edizioa antolatu du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak. Aurreko edizioetako bideari jarraituz, argazkigintza merkataritzarekin eta ostalaritzarekin lotzen duen lehiaketa martxan da berriz ere Oarsoaldean.
“Prezio berean, euskaraz!” egitasmoaren barnean antolaturiko argazki lehiaketa da EUSKARAREN PAPARAZZIAK. Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen erabilera handitzeko, hizkuntza paisaiak duen garrantzia azpimarratzea du helburu egitasmoak.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Oarsoaldeko (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia) saltokietan ikusgai eta euskaraz dauden errotuluei, kartelei edo bestelako idatziei argazkiak atera, eta e-posta bidez (euskararenpaparazziak@gmail.com) (Wetransfer erabiliz, behar izanez gero) edo WhatsApp bidez bidali beharko dituzte 747 449 416 zenbakira.
Euskara eta merkataritza/ostalaritza hobekien uztartzen dituen argazkia bidali duenak irabaziko du lehiaketa eta bigarren onenak ere saria izango du. Originaltasuna eta argazkiaren kalitatea ere baloratuko direla adierazi dute antolatzaileek
Lehiaketan parte hartzeko ez da ez adin, ez bestelako mugarik izango, gehienez 5 argazki aurkezteko muga baino ez.
Argazkiak maiatzaren 15etik 31ra bitartean bidali beharko dira eta lehiaketaren irabazleak 2023ko ekainaren 19etik uztailaren 31ra bitartean Oarsoaldeko saltokietan gastatzeko 400 euroko diru-saria irabaziko du, eta 200 eurokoa bigarren saridunak. Ekainaren 9an emango dira ezagutzera irabazleen izenak. Informazio gehiago nahi duenak oinarriak eskura ditu www.oarsoarrak.eus web gunean.
Animatu parte hartzera!