Korrikaren asmo eta helburuekin bat eginez, Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, merkataritza, ostalaritza eta gainerako saltokietako erakusleihoak nahiz saltokiak apaintzeko lehiaketa antolatu dute bigarren aldiz.
Ekintza hori, arestian esan bezala, Korrikari loturik dago. Lotuta dago, era berean, urtero, urteko 365 egunetan, Oarsoaldeko lau udalek merkataritza eta ostalaritza alorrean euskararen erabilera sustatzeko gauzatzen duten “Prezio berean, euskaraz!a” egitasmoarekin ere.
Lau udalek dei egin nahi diete eskualdeko merkatari ostalari eta bestelako establezimendu guztien jabeei Korrikaren testuinguruan gauzatuko den lehiaketan parte hartzera. Antolatzaileek azaldu dutenez, badakite garai zailak bizi ditugula eta merkataritza eta ostalaritzaren alorrak direla izurrite honek eragin duen egoera gogorren pairatzen ari direnak. Horregatik, eta dena ilun izan ez dadin, establezimenduak apaintzeak gure kaleak pixka bat alaitzeaz gain, Korrika bezalako ekimen positibo bati bultzada emango diola uste dute.
Hala nahi duten Oarsoaldeko merkataritza, ostalaritza eta gainerako saltoki guztiek hartu ahal izango dute parte eskaparate lehiaketan. KORRIKA hitzak nahitaez egon beharko du bistan apaintzen den saltoki edo erakusleihoan, baina hortik aurrera norberaren sormenaren eta irudimenaren arabera geratuko da.
KORRIKA edo/eta EUSKARA aitzakia edo gai hartuta apaindu beharko dute saltokiaren erakusleiho bat gutxienik. Erakusleihorik ez izan arren, establezimendua bera, edo haren alde nahiz zatiren bat apainduz parte hartu nahi dutenek ere egin ahal izango dute
Lehiaketan parte hartu nahi duten establezimenduek www.oarsoarrak.eus web gunean aurkituko duten formularioa bete beharko dute.
Erakusleihoak edota saltokiak apainduta eduki beharko dira martxoaren 21etik apirilaren 11ra behintzat. Horretarako izendatuko den epaimahaiko kideek martxoaren 21etik 30era bitartean ikuskatuko dituzte lehiaketan parte hartzeko nahia agertu duten erakusleiho guztiak, eta ikusi ahala, euren balorazioak biltzen joango dira.
Epaimahaiak apirilaren 1erako jakinaraziko ditu eskualdeko irabazlea eta herri bakoitzekoa nor diren. 400 euroko balioa duen deskontu bono sorta eskuratuko du irabazleak bere bezeroen artean banatzeko. Herri bakoitzeko irabazleak 200 eurokoa jasoko du.
Oinarriak begiratu nahi dituenak edo informazio gehiago nahi duenak www.oarsoarrak.eus web gunera jo dezake.