OARSOALDEAKO LAU UDALEK KIROL KLUBETAN EUSKARA SUSTATZEKO PLANA JARRI DUTE MARTXAN

Al, 2025-03-24 12:46

Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako Udalek kirola lehentasunezko alor gisa hartua dute euskararen erabilera normalizatzeko bidean. Horregatik, eskualdeko kirol klubetan euskara sustatzeko plana abian jarri dute. 

Kirolaren izaera jostagarri edo ludikoak euskaraz aritzeko ohiturak errotzen lagunduko duela sinetsita daude. Kirola eginez edota ikusle gisa gozatuz, gizartearen zati handia elkartzen da kirolaren inguruan. Hori probestuz, hizkuntza kudeaketa egokirako urratsak identifikatu eta horiek jarraitzea izango da planaren helburua. 

Udalek adierazi dutenez, gauza jakina da kirol jarduerak onura ugari dakarzkiola gizakiari; izan soin nahiz buru osasunari lotutakoak, izan harreman sozialei eta baloreei lotutakoak. Horrez gain, egungo jendartean kirol jardueraren bat praktikatzeko joera nabarmen hazten ari dela diote adierazle gehienek. 

Horiek horrela, bistakoa da, kirol jarduera jendearen aisialdia betetzen duen aukera nagusietako bat dela. Horri, praktikatu ez, baina ikusle gisa kirol jarduerak gustuko dituztenak batuz gero,  jendartearen zati handi batengan -haur, gazte eta heldu- duen eraginaren neurria antzeman daitekeela azpimarratu dute.

Ildo horretatik, zorionez, eskolako adinean diren eskualdeko haur eta gazte gehien-gehienak euskaraz ari dira egiten euren ikasketa prozesua. Ildo beretik, eskualdeko eskola kirola euskaraz gauzatzen da, eta udalek eskaintzen dituzten kirol jarduerak ere, nagusiki, euskaraz egiten dira, salbuespenak salbuespen.

Egitasmo berri honek kirol federatuan, hau da, kirol klubetan jarriko ditu indarrak. Lehenengo urratsak lau herrietako bina klubek egingo dituzte, haiek hala onartu ondotik: Errenteriako Touringek eta Ereintzak, Lezoko Allerruk eta Munttarpek, Oiartzungo OKEk eta Otxek eta Pasaiako Trintxerpe KEk eta Pasaia KEk. Bestela esanda, futboleko bostek, eskubaloiko bik eta txirrindularitzako batek.

Proiektuaren helburua izango da kirol klub bakoitzak bere errealitatetik abiatuta eta aldi berean besteen ibilbideetatik elkar ikasiz, hizkuntza kudeaketa egokirako urratsak zehazten jarraitzea eta urrats horiek martxan jartzea. 

Horretarako, apiriletik hasita kirol mahaia deitutako egitura sortuko dute zortzi klub hauek. Iraila bitartean, egoera orokorraren eta klub bakoitzaren diagnostikoa egiteko ekintzak gauzatuko dituzte elkarteek, eta irailetik aurrera klub bakoitzaren plana landuko dute Emunen aholkularitza teknikoarekin. Prozesuan, udaletako kirol eta euskara sailek eta aipatu kiroletako Gipuzkoako federazioek hartuko dute parte. 

Egitasmoaren aurkezpen ekitaldian, Oiartzungo alkate Joana Mendibururekin batera, lau herrietako euskara eta kirol zinegotzi nahiz teknikariak izan ziren. Halaber, futbol federazioko lehendakari Manu Díaz, eskubaloi federazioko Nagore Tolosa eta txirrindularitza federazioko Iñaki Iturrioz bertan izan ziren.

Gogo onez eta ilusioz hartu zuten aipatu zortzi kirol klubek eurekin lanean hasteko gonbita eta lanerako planteamendua.
 

Arloa edo saila