Lezoko Udalak inaugurazio ekitaldia egin du gaur Herri Eskolako jolastoki estali berrian. Eskolako ikasleek eta oro har, herritar guztiek erabili ahal izango dute jolastoki estalia eskola orduetatik kanpo 21:00ak arte asteburu eta jai egunak barne. Gauzak horrela, gaurtik aurrera egun euritsuetan ere erabili ahal izango den aisialdirako eremu estali berriaz gozatu ahal izango dute herritarrek.
Lezoko Udalak gaur inauguratu du Herri Eskolako jolastoki estali berria. Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Lezoko Udaleko alkateak eta hirigintza zinegotziak, obra zuzendariak eta Herri Eskolako zuzendariak.
Lehenik eta behin hitza hartu dute Lezoko alkateak, Jesus Mari Martiarenak, eta Herri Eskolako zuzendariak, Olatz Aldabek. Ondoren, zinta moztu eta haurrek dantzatutako aurresku eta kalejirarekin eman zaio amaiera ekitaldiari.
Udal ordezkariek berretsi dute eskolak urteetan egindako eskariei erantzunez eraiki dela estaldura berria eta lanek helburu izan dutela herritarrei aisialdi aukera berriak eskaintzea eta bereziki, herritarren eta haurren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea. Herri Eskolako zuzendariak, Olatz Aldabek, bere aldetik, Herri Eskola herriak sortua dela eta lanek herriari ere ateak irekitzen dizkiela adierazi du. Bestalde, eskerrak eman dizkie proiektu hau posible egin duten guztiei eta bereziki, Udalari.
Eskola orduetatik kanpo herritar guztientzat zabalik:
Eremu estalia eta aldi berean irekia sortzea zen asmoa, baita jolastokia eskolatik isolatzea ere. Hori lortzeko, egitura arina eta estaldura gardena ezarri dira argia jolastokira sar dadin. Era berean, itxitura bat ere egin da eskola orduetatik kanpo jolastokia zabalik egon dadin.
Hori horrela, aurrerantzean, jolastoki estali berria egun euritsuetan ere erabili ahal izango da, bai eskolako jolas orduetan eta baita eskola orduetatik kanpo ere. Itxiturari esker, asteburu eta jai egunak barne, 21:00ak arte zabalik egongo da jolastokia, herritarrek eta herriko kultur eta kirol taldeek instalazio berria erabiltzeko aukera izan dezaten.