“Gurea Erabil Dezakezu” kanpaina aurkeztu dute

Or, 2025-05-30 12:53

Altxa Burua ekimenaren parte da kanpaina, herriko haur eta gazteek dei bat egiteko beharra izanez gero, pegatina duten komertzio eta taberna edota eraikin publikoetan eskatu ahal izango dute. 

“Gurea Erabil Dezakezu” pegatina kanpaina martxan jarriko dute Lezon. Telefono mugikorren erabilera atzeratzea eta aurrez aurreko harremanak sustatzea du helburu. Kanpaina aurkeztu eta funtzionamendua azaltzeko prentsaurrekoa egin dute Mikel Arruti Lezoko alkateak, Edurne Mitxeo Lezokoak Elkarteko presidenteak,  Hezikuntzako Alazne Salaberria eta Irati Aranburu kideak eta Errotako Edurne Emazabel eta Naroa Tubilla kideak.

Mikel Arruti Lezoko alkateak azaldu duenez, haur eta nerabeen aisialdian telefonoak erabiltzea ekiditeko, kalean guraso edo gertukoekin hitz egin behar badute, pegatina duen edozein komertzio, taberna edo udal eraikinera jo eta bertako telefonotik deitu ahal izango dute. “Herriko haur eta gazteen ongizatea bermatzeko teknologiaren erabileran eragitea ezinbestekoa da,  eta herri hezitzailea elkarlanean indartzen da, hezkuntza eremutik haratago eta denon konpromisoarekin”, azaldu du Arrutik. 

Egun gizartean teknologiaren eta mugikorren gehiegizko erabilerak gazteenengan duen inpaktua gutxitzeko eta erabilera egokia bultzatu nahian sortu zen Altxa Burua plataforma. Haurrei internetera sarrera duten gailuak ematea atzeratzea eta teknologiaren erabilera egokia bermatzea dira ekimenaren helburu nagusiak. Lezoko Hezkuntza Foroan mahaigaineratu zuten plataformak beste herrietan martxan zuen “Gurea Erabil Dezakezu” kanpaina eta, Lezokoak Merkataritza Elkartearekin batera elkarlanean, martxan jarri dute herrian.

Errota eta Hezikuntza Guraso Elkarteek teknologiaren gehiegizko erabilerak sortzen duen mendekotasuna gurasoen kezka nagusietako bat bihurtzen ari dela azaldu dute “gero eta lehenago sortzen da inguruko presio soziala, gero eta lehenago dutelako denek mugikorra”. Mugikorren erabilera gizartean errotuta dago eta horrek harremantzeko ohiturak ere aldatu ditu, horren aurrean, kanpaina honek irtenbide bat proposatzen du. “Ez dugu euren buru osasuna zainduko bakarrik; herritartasuna eta elkar ezagutza, komunikazioa eta komunitatea euren kabuz sortzen”  hasteko aukera moduan proposatzen dute ekimena.

Azkenik, Mitxeok gehitu nahi izan du jada herrian konfiantza hori duten haurrak badaudela eta ohitura zabaltzeko baliagarria izango dela kanpaina. “Gure komertzioetan lasai asko sartzen dira haurrak ur eske, edo komunera. Zergatik ez telefono deia egitea eskatu? Egunero ematen ditugun zerbitzuen barruan dago, eta lehenago ere eginak ditugu horrelakoak. Orain, pegatinarekin, garbiago ikusiko da aukera hori dagoela“ 

40 establezimendu inguruk eman dute izena jada, eta datorren astetik aurrera jarriko dituzte pegatinak erakuslehioetan.