Aste honetan hasi dira Lezoko Udaleku Irekiak eta jada talde guztiak murgildu dira udalekuak errotuko diren ekintzetan. “Lezoko Udalekuak herritik eta herriarentzat!” lelopean hilabeteko egitarau oparoa izango dute aurretik.
Aurtengo udalekuek Lezo izango dute oinarria, herrian dugun ondarea, hizkuntza eta beste asko ezagutzeko ekintzez josi dute egitaraua. Abiapuntuak euskara, Lezoko ondarea, natura eta berdintasuna izango dira eta horiek guztiak modu dinamiko eta hezitzailean landuko dituzte uztailean zehar.
Egitaraua elementu guztien garapenean oinarritu dute eta aste bakoitzak gai nagusi bat izango du. Esaterako, lehenengo astean ‘Lezo ezagutuz’ gozatuko dute gazteek, herriko txoko ezberdinak gehiago ezagutuko dute modu anitzetan, adibidez, Lezoko Haurrentzako Koloreztatzeko mapa erabiliz.
Lezoko pertsonaiek ere izango dute euren astea, nor diren, zein den euren istorioa eta zein leku duten herrian landuko dute. Beste aste batean ‘Naturan murgilduz’, Lezoko eremu ezberdinak ikertuko dituzte irteera eta jolas ezberdinekin. Musikaren astea ere ekintzaz bete dute ahozkotasuna, euskal kultura eta mugimendua landu ahal izateko.
Ekintza eta jolasez gain, azken urteetan egin duten moduan, ‘Kuxkueragileak’ ekimenarekin Lezoko eragileak lezoar gazteenengana gerturatuko dituzte. Egiten duten lana eta Lezori egiten dioten ekarpena lehen eskutik ezagutu ahal izango dute udalekuetako parte-hartzaileek. Aurten, berezitasun moduan, taldeen bisitak jaso beharrean, elkarlanean arituko dira hilabete osoan zehar baratza-parkeko kideekin.
Udalekuak lezoartasunarekin, euskararekin eta hezkidetasunarekin josi dituzte Lezoko txikienek hilabetez jolasten eta gozatzen duten bitartean komunitatea ikertu eta beregana dezaten.
Hilabete paregabea dute aurretik!