Auzo-konpostaje proiektuaren balorazio bilera egingo da datorren ostegunean (ekainak 26), 17:30ean Kultura Aretoan.
Auzo-konpostajeak hondakinen kudeaketa iraunkorra bultzatzeko, herritarren inplikazioa sustatzeko eta ekonomia zirkularra tokiko mailan aurrera eramateko helburua du. Lezoko Udalak proiektua Vermican enpresaren aholkularitza eta dinamizazioarekin eramaten du aurrera.
Lezon, urte osoan zehar garatu den auzo-konpostaje proiektuari amaiera emango diote ekainaren 26an, bi jarduera berezirekin. Datorren ikasturtean berriro martxan jarriko da eta hobekuntzak egiteko bai eta jende gehiagorengana iristeko ere, ekainaren 26ean bi deialdi egin ditu Lezoko Udalak.
Goizean, Karlos Saldise plazan (9:30tik 12:30era) puntu informatibo bat jarriko dute, proiektuaren ibilbidea, lorpenak eta ikasitakoa partekatzeko. Herritarrei Lezon dauden 5 auzo-konpostaguneak (Altamira, Andreone, Lopene, Arretxenea eta Aralar) ezagutaraziko zaizkie, gune horiek nola funtzionatzen duten azalduz. Halaber, interesa duten herritarrek gune horietan izena eman ahal izango dute, auzo-konpostajean parte hartzeko aukera izan dezaten.
Bestalde, konposta egiteak dakartzan onurak ezagutzeko aukera paregabea izango da, hala nola; hondakinen murrizketa, lurzoruaren emankortasuna eta CO₂ isurien murrizketa eta etxean zein auzoan praktikan jartzeko jarraibideak ere izango dira.
Azkenik, arratsaldean Kultura Aretoan (18:30ean) egingo den hitzaldian parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Hitzaldi horren helburua urtean zehar egindako lanaren emaitzak aurkeztea, lortutako aurrerapenak jakinaraztea, eta, aldi berean, etorkizunari begira iritzi, ekarpen eta hobekuntza-proposamenak jasotzea da. Horrela, proiektuari jarraipena emateko oinarri sendoagoak ezarriko dira.
Urtean zehar, Lezoko 5 auzo-konpostaguneen jarraipena egin da, gune bakoitzera hilero bisita bat eginez. Bisita horietan, guneen funtzionamendua egiaztatu, material organikoaren kalitatea kontrolatu, eta parte hartzaileei aholkularitza eskaini zaie, betiere konpostaje-prozesu egokia bermatzeko.
Jarduera horien bidez, hondakinen kudeaketa partekatua sustatu da, Lezoko bizilagunen inplikazioa handituz, eta, aldi berean, ingurumenarekiko kontzientzia sendotuz.
Lezoko Udalak proiektu honetan parte hartu duten bizilagun guztiei eskerrak eman nahi dizkie, ekimen honen parte izan direlako. Aurrerantzean, auzo-konpostajeak aurrera jarraituko du, herritarren inplikazioarekin, hondakinen kudeaketa iraunkorra lortzeko bidean.