MUITTUJAKIN EGITASMOA MARTXAN: EMAN PAUSUA, BIZI!

Og, 2024-12-12 13:18

Gaur goizean, Lezoko udaletxean, Mireia Kuesta, Lezoko Udaleko Kirol Zinegotziak, eta Arkaitz Angiozarrek, udaleko kirol teknikariak, MuittuJakin proiektuaren baitan sortutako ekimen berria aurkeztu dute: “Eman pausua, BIZI!”. Ekimen honen helburua bizitza aktibo eta osasuntsua sustatzeko herritarren artean ezagutza eta baliabideak zabaltzea da.

Ekimen hau Lezoko Udalak 2016an sortutako MuittuLezo Estrategiaren barruan kokatzen da, eta bizitza aktiboa sustatzeko lanketa komunitario baten emaitza da. Estrategia honen baitan, hainbat erakunde eta herriko eragile elkarlanean aritu dira, hala nola, Osakidetza, Osasun Saila, hezkuntza-komunitatea eta beste hainbat talde.

Mireia Kuesta Kirol zinegotziak azaldu duenez, “Lezon pertsona aktiboago eta autonomoagoen komunitatea lortu nahi dugu. Horretarako, herritarrek oinarrizko ezagutza izan behar dute jarduera fisikoak euren ongizatean duen eragin onuragarriari buruz. Proiektu honek, horren bidez, bizitza osasuntsua eta aktiboa bultzatzen lagunduko du”.

AURKEZPENA

MuittuJakin proiektuaren bidez, herritar guztiei bizitza osasuntsu eta aktibo baten aldeko gutxieneko tresnak eskura jartzea nahi da. “Eman pausua, BIZI!” ekimenean informazioa eta materialak hainbat euskarri digital eta fisikotan zabalduko dira: infografiak, sare sozialetarako bideoak eta udal webgunean eskuragarri egongo diren loturak, besteak beste.

Arkaitz Angiozar Kirol teknikariak, bere aldetik, proiektuaren xehetasunak nabarmendu ditu, hala nola herritarrei zuzendutako kartela eta bertan jasotako informazioa: “Kartelak lau ideia nagusi transmititzen ditu, guztiak ere ikerketa zientifikoetan oinarrituak: jarduera fisikoak bizi-itxaropena luzatzen du, gaixotasunak gutxitzen ditu, zoriontasuna areagotzen du eta, hori lortzeko, gutxieneko praktika bat beharrezkoa da. Herritarrak animatzeko, esaldi labur baina esanguratsu bat sortu dugu: ‘Izan aktiboa: nahikoa mugituz, gehiago, hobeto eta zoriontsuago biziko zara’”.

Lezoko Udalaren helburua argia da: “Herritarrei tresna praktiko eta eraginkorrak eskaintzea, ongizatea hobetu eta bizi-kalitate osasuntsuagoa sustatzeko”, azpimarratu dute Udaleko ordezkariek.

Arloa edo saila