SAN ROKE JAIAK OSPATUKO DIRA ABUZTUAREN 15 ETA 16AN

Or, 2025-08-01 15:14

Abuztuaren 15 eta 16an Gaintxurizketa auzoko San Roke festak ospatuko dira. Jon Legorburu Lezoko Udaleko Kultur Zinegotzia, Ainhoa Salaberria kultur teknikaria eta Gaintxurizketa Auzo Elkarteko kideek gaur goizean aurkeztu dute egitaraua.

Legorburuk azaldu duenez, urte askoz San Roke jaiak ez zituzten ospatu Gaintxurizketako bizilagunek. Aurreko urtean auzokideek dinamika desberdina zuten, gehiago elkartu eta arduratzen ziren auzoaren inguruan. Indar nahikoa zegoela ikusita, aurreko urtean berreskuratu zituzten San Roke jaiak eta aurten ere heldu diote antolakuntza lanari.

Lezoko Udalarekin elkarlanean, egitarau oparoa antolatu dute abuztuaren 15 eta 16rako (ostirala eta larunbata). Aurten, agertokia aldatuko dute, Antxillastegin ospatuko dituzte San Rokeak. “Bizilagunek egindako lanaren adibide argia da Antxillastegi, aurten jaiak bertan ospatuko dira bizilagunen auzolanari esker. Urte batzuetan hutsik eta utzita egon ondoren, auzolanean txukundu eta egokitu dute. Elkargune izateko helburuarekin, bertan ospatu ahal izango dira jaiak aurten”.

Salaberriak eman ditu egitarauaren inguruko xehetasunak. “Auzoko jai batzordea buru-belarri aritu da adin guztietarako moduko egitaraua osatzen, askotariko ekintzak izango dira eta Gaintxurizketako jaiak izanik, izaera euskaldun indartsua dute”.

Ostiralean 19:00etan hasiko dira jaiak, suziriaren hotsarekin eta buruhandien kalejirarekin, gaztetxoenek toka txapelketan parte hartu ahal izango dute eta afari autogestionatuaren ostean, truk txapelketan lehiatuko dira nagusiak.

Larunbatean egun osoko egitaraua prestatu dute, toka txapelketarekin hasi eta herri kirolekin jarraituko dute goizean. 12:30ean ohitura bihurtu den auzokideen arteko desafioa egiteko eta jarraian auzo bazkaria eta bingo musikatuan berrindartuko dira. 18:00etan haur/famili jolasak izango dituzte eta jarraian txokolatada eta Lezoko buruhandien kalejira. Afaltzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek, eta afalostean dantzaldiari ekingo diote.

Legorburuk eskerrak eman dizkie Gaintxurizketako bizilagunei, Lezoko Udaleko ordezkari izanik: “izan duten laguntzeko eta elkarlanerako prestutasunagatik bai eta auzo izaera, lezoartasuna eta kultura indartzeagatik ere. Auzoari ez ezik, herriari ere ekarpen handia egin diote”.

Amaitzeko, festa euskaldunak, parekideak, jasangarriak eta erasorik gabekoak izan daitezela gogorarazi du, denon ardura baita denontzat jai seguru eta gozagarriak egitea.

Arloa edo saila
Eranskinak