Hika Teatroko kideak Lezon egon dira azken asteetan ikuskizuna sortzen eta entseatzen.
Hika Teatroaren azken ikuskizuna Lezon aurkeztuko da urtarrilaren 15ean. “Toto” izena du eta Mafalda Bellidoren “Chucho” antzerki testuaren egokitzapena euskarara ekarri dute. Ikuskizuna 19:30etan izango da Gezala Auditoriumean. Erne, aurtengo sasoian 30 minutu aurreratu dira ekitaldien hasierak.
Lezoko Udalak urtarrila-ekaina bitarte antolatu duen egitarau kulturalaren barnean dago ikuskizun hau. Baina, esan beharra dago, hasiera hau ohorezkoa dela. Izan ere Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean 33 urteko ibilbidea duen antzerki konpainiak bere azken lanerako Lezoko herria aukeratu izana obra sortzeko eta estreinatzeko ez da makala guretzako.
Gutxi batzuk agertu dezaketen ibilbide luze eta bikaina du bere baitan Hika antzerkiak. Honakoan, Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean jarri dira Asier Hernandez eta Miren Gonejola aktore ezagunak.
Lan honek hainbat sari jaso ditu euskarara itzulia izan aurretik:
- Max Sarietako finalista Egile Berri Onenaren atalean 2019an.
- SGAEko XIII. Autor Express Antzerki sarian 2018an.
- CLAVE, Valentziako Literatur Kritika Sarian finalista 2017an.
SINOPSIA
Galdu egin den txakurra eta desagertzen ari den bikotea Txakur guztientzat egokia den bikote komedia. Maik eta Joseluk, Toto txakurtxoaren kustodia partekatzen dute.
Gizarte modernoaren arazo modernoen isla. Humanizazioa eta deshumanizazioa. Bikote modernoaren desintegrazioa. Animalien humanizazioa eta pertsonen animalizazioa. Hizkuntza aniztasunari buruzko gogoeta eta hizkuntza aniztasuna. Berez ttikiak diruditen arazo modernoen handitasuna.
Toto, komedia olinpikoa da. Totok belaunaldiz belaunaldi iraun duen sagastien adina dauka edota txakurkume batena ere bai. Totok maitasunaren zuri-beltzaz hitz egiten du oro har, eta bere magnitude kosmiko osoan. Joselu, Mai eta Toto, oraintxe bertan, gizateriaren eta animaltasunaren artean daude.
Sarrerak udaleko webgunean eros daitezke dagoeneko.