'LEZO OROIMENA' MEMORIA HISTORIKOAREN WEBGUNEA MARTXAN DA

Or, 2025-04-11 11:58

Atzo, Lezoko Udalak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Elkarteak Lezon frankismo garaian jasandako errepresioa eta memoria historikoa jasotzen dituen webgunea aurkeztu zuten. Aurkezpenean azken urteetan egindako ikerketa eta elkar lanean lortutako emaitzak azaldu zituzten, baina aurrerantzean ikerketarekin eta memoria historikoa berreskuratzen jarraitzeko asmoa dutela adierazi zuten. 

Lezo Oroimena webguneak frankismoaren garaian Lezoarrek, bai eta kanpotik Lezora ekarritako pertsonek, jasandako errepresioa eta biktimen informazioa jasotzen ditu. Gertatutakoa berreskuratu, jaso eta eskuragarri jartzen ditu, memoria historikoa ezagutu eta ezagutarazteko. 

Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Elkarteak urte asko daramatza Lezoko memoria historikoa berreskuratzen, eta bereziki, Lezoko altxamendu frankistaren eta diktadura garaietako biktimen inguruan dokumentazio lanak egiten. Iparragirreko barrakoietatik pasatako milaka pertsonen izen-abizenak eta bertan jasandako giza eskubideen urraketak dokumentatzeko lan handia egin du. Agustina Pontesta kideak azpimarratu zuen oso pozik dagoela elkartea webgunearen argitaratzearekin, elkartekideek egindako lana bertan dago, eta lanean jarraituko dute. 

Helburu berberarekin hasi zen Aranzadiren, Lezoko Udalaren eta Etxetxoren arteko elkarlana. Hiru erakundeek bi urte inguru hartu zuten elkarlanean hasteko konpromisoa. Etxetxo Elkarteak egindako lanari jarraipena eta beste euskarri bat emateko, memoria eta historia biltzen dituen webgunea sortu dute: biktimen izen-abizenak eta bizipenak argitaratzeko, bai eta frankismoaren errepresio osoa dokumentatzeko eta haren ondorioak argitzeko tresna.  

Aranzadiren eskutik, biktima guztiak Giza Eskubideen sailkapenaren arabera sailkatu dituzte. Javier Buces Aranzadiko kideak azaldu zuenez, “oinarrizko helburua 1936tik 1978ra errepresio frankistaren biktima guztiak izen-abizenekin identifikatzea da, memoria historikoaren Euskal Herriko eta espainiar estatuko legeek eskatzen diguten bezala. Jasandako errepresio hori giza eskubideen urraketa larria da; horregatik, biktimen sailkapena giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen arabera egiten da”.

Orain arte, 360 biktimatik gora identifikatu dituzte eta webgunean jasotako informazio guztia ikus daiteke. Biktima bakoitzaren fitxa agertzen da, bertan jaso dute zein errepresio mota jasan zuten (kartzelaratzeak, torturak, hilketak, etab.), baita haren bizipenak eta biktimaren historiari buruz jakin izan ahal den guztia. 

Hamabi biografia zehatz osatu dituzte, eta hamar testigantza digitalizatu. Memoria historikoaren berreskurapenerako garrantzi handikoak direla azaldu zuen Mikel Arruti Lezoko alkateak aurkezpenean: “memoria historikoaren berreskurapenerako, ezinbestekoa da lor daitekeen informazio guztia biltzea, denbora pasa ahala galtzeko arriskua baitago, eta testigantzen laguntzaz gure herrian gertatutakoaren benetako dimentsioak eta ondorioak ezagutu ditzakegu. Ezagutza da tresna garrantzitsuena gure herriaren testuingurua eta historia ezagutzeko”.

Argi utzi dute webgunearen aurkezpena ez dela proiektuaren amaiera. Webgunea dokumentazio lanerako beste tresna bat izango da, ikerketaren datuak etengabe eguneratzeko eta osatzeko. Horregatik, etorkizunean, edozein pertsonak edo erakundek informazio berririk izango balu, eurekin elkar banatzea eskatu dute. 
 

Arloa edo saila