Lezoko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen berri bat sinatu dute Altzateko igerilekuen teilatu-hegalaren eraisketa eta berreraikuntza lanen kostuaren zati bat diruz laguntzeko. Hitzarmenaren arabera, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 96.000 euroko dirulaguntza emango dio Lezoko Udalari.
Hitzarmena Gipuzkoako Foru Aldundiaren Pasaialdea eremuaren biziberritze prozesuaren barruan kokatzen da, eta Azahara Domínguez diputatuak eta Mikel Arruti alkateak astelehen honetan sinatu dute. Udaletxean hitzarmena sinatu ondoren, Altzateko Igerillekura bisita egin dute proiektuaren aurrerapenak ikusteko.
Azahara Domínguez diputatuak adierazi duenez, “Pasaialdea inguruko biziberritzearen aldeko jarduerak lehentasunezko estrategia dira gure departamentuarentzat, eta ez bakarrik ingurumenari loturik daudenak, baita ekonomia bultzatzen dituztenak ere". Gipuzkoa kohesionatuagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko urratsak egiteko aukera ematen duten jarduketa horiek funtsezkoak direla nabarmendu du diputatuak.
Mikel Arruti alkateak, berriz, “eskerrak eman nahi izan dizkio diputatuari eta bere departamentuari: Lezoko herrian egindako inbertsioen eta etorkizunean jarraitu beharko den lankidetzaren garrantzia azpimarratuz: “Lezo herriak etengabeko inbertsioak behar ditu, eta administrazioen arteko elkarlana funtsezkoa da horretarako. Aurrera jarraituko dugu hitzarmen berri gehiago sinatzen, gure herriak behar duen biziberritze prozesua bultzatzeko eta gure herritarren ongizatea lortzeko”.