Herriko 18 eta 30 urte bitarteko gazteen autonomia eta emantzipazioa sustatu nahi du Udalak. Diru-laguntza urte beterako eskainiko da eta gehienezko diru-laguntza 250€koa izango da hilabeteko
Lezoko Udalak martxan du herriko gazteei alokairuaren ordainketan laguntzeko diru-laguntza lerroa, izan ere, horien autonomia eta emantzipazioa sustatu nahi du. Diru-laguntza 18 eta 30 urte bitarteko lezoarrei bideratuta dago eta helburu du eskaera egiten dutenen ohiko bizilekua den etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzea. Datozen egunetan diru-laguntza eskaerak egiten hasi ahal izango dira herritarrak, baldintza pleguak GAOn argitaratu ostean.
Udalak herriko gazteen oraina hobetu nahi du eta etorkizuna eraikitzen lagundu nahi die. Diruz lagunduko diren alokairu-gastuak 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoak izango dira eta alokairutik edo diruz lagundu daitekeen kontzeptutik kanpo geldituko dira garaje eta komunitate zein administrazioko gastuak, baita kontribuzio edo zerga kontzeptupean sor daitezkeenak ere.
Jasotako eskaerak erregistroen hurrenkeraren arabera onartuko dira eta diru-laguntza eskuratu ahal izateko baldintza batzuk bete behar dira, hala nola:
- 18 eta 30 urte bitarteko adina izatea,
- diru-laguntza jasoko duen etxebizitzan erroldatuta egotea,
- onuradunaren eta errentatzailearen artean ezin izango da inolako familia loturarik izan,
- eskatzaileak ezin du bere jabetzan etxebizitzarik izan,
- diru-iturri erregularra izatea, 28.000€ gehienez eta bizikidetza unitatea bi pertsona edo gehiagok osatzen duten kasuan 39.000€ gehienez.
Diru-laguntzaren zenbatekoa, eskatzaileen diru-sarreren arabera ezarritako atal sistema baten oinarritzen da, atal bakoitzari portzentai bat esleituz. Horren arabera, gehienez ere hilero 250€ko diru-laguntza jaso daiteke urtebetez.
Bizikidetza unitatea pertsona bakarrak edo pertsona batek baino gehiagok osatzen duten kasuetan diru-laguntzen zenbatekoak eta baldintzak desberdinak dira:
- Bizikidetza unitatea pertsona bakarrak osatzen duenean:
- Bizikidetza unitatea pertsona batek baino gehiagok osatzen duenean:
Halere, diru-laguntzaren inguruko informazio guztia, baita eskaera egiteko beharrezkoa den dokumentazioaren ingurukoa ere, Lezoko udal webgunean dago eskuragarri hurrengo estekan: http://www.lezo.eus/sites/default/files/oinarri_erregulatzaileak.pdf