AZAROAREN 25, EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIAREN KONTRAKO EGUNAREN HARIRA LEZOKO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Az, 2025-11-19 14:42

Azaroaren 25ean emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela adierazteko eguna da, bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako. Lezoko udalak ere borroka horretan duen ardurari erantzunez aurkezten dugu adierazpen hau.

2024an Lezon erregistratutako indarkeria matxisten kasuen inguruko datuak emateko agerraldia egin zuten Lezoko Udaleko ordezkariek azaroaren 12an. 38 laguntza eskakizun izan ziren 2024an Lezon, 2023an baino 10 gehiago eta 2021ean bezain beste. Datu horiek mahai gainean jartzen dute indarkeria matxista lehen mailako arazoa dela gure herrian.

Bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar eta gazteen artean, sareetako indarkeria kasuek etengabe egiten dute gora, hau sistema patriarkal sendo baten ondorioa da. Analisi feministak azpimarratzen du sexu-generoa sistemaren egiturazko desparekotasunetan duela jatorria; izan ere, sistema horrek gizarte bitar eta patriarkalari eusten dio, botere-harreman sakonek markatua, eta maskulinoa eta heterosexuala indarkeriaz nagusitzen dira egunerokoan, bizitzaren esparru eta alderdi guztietan.

Zentzu honetan guztion ardura da aurre egitea eta esparru ezberdinetatik aritzea, Gobernantza Femisnita oinarri.

Gizarte-eredua aldatu behar dugu indarkeria matxistaren adierazpen guztiak ikusarazteko, kausak aztertzeko eta horiek prebenitzeko eta ezabatzeko ekintza zehatz eta eraginkorrak abian jartzeko, baita gure egunerokoan horiek justifikatzen edo babesten dituzten erakundeak eta egiturak identifikatzeko ere. Erasoak salatzeaz gain, mundu askea, justuagoa eta bizigarriagoa, eraikitzeko lanean jarraitu behar dugu, honetan Mugimendu Feminista dugu eredu.

Orain, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Garrantzitsua da marko bat ezarriko duten legeak berritzea edo sortzea, are gehiago mugimendu feministak eskatutako norabidean egiten denean. Lehen mailako arazo sozial honen aurrean hainbat dira instituzioetatik garatu daitezkeenak. Prebentziotik hasita erreparazioraino.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak herri eta auzoetan indarkeria matxistari aurre egiteko ditugun baliabide, tresna eta aukeren inguruan abiatu duen hausnarketa prozesua aintzat hartuta eta honekin lerrokatuta, Lezon ere protokoloen inguruko hausnarketa prozesu bat abiatu da eta horien egokitzapen eta hobekuntza bilatu behar dugu.

Deskoordinazioak eta ardura ez hartzeak babesaren kontzeptua eta emakumeengan jartzen den arduraren zama nabarmendu dituzte. Indarkeria Matxistaren ardura ezin zaio inoiz biktima den emakumeari jarri.

Protokolo hauek elkarlanean eta koordinazioan garatu behar dira, erasoa jasandako pertsonaren beharrak zentroan jarriz eta benetako erreparazioa bilatuz, berriz biktimizatzea ekidinez. Erantzunak integrala behar du izan.

Lezoko Udalak berdintasunaren ibilbidean aurrerapausoak egiten jarraitzeko konpromiso sendoa dauka. Herriko mugimendu feministarekin elkarlanean jarraituko du eta Lezok dituen beharrak, aukerak eta ahulguneak aztertzen eta lantzen jarraituko du. Horren adierazle da aurten sortu den Berdintasun Kontseilua; mugimendu feministak, berdintasunaren alde lan egiten duten eragileek nahiz norbanakoek eta Udal ordezkariek osatutako kontsulta-, parte-hartze- eta aholkularitza-organoa da. Kontseiluaren helburu nagusien artean daude herriaren eta udalaren arteko elkarrizketarako eremua sortzea, Berdintasun Planarekin lerraturik, gai zehatzen gaineko lanketa partekatuak egitea, eta emakumeen ahalduntzea eta protagonismoa bultzatzea, emakumeen parte hartzea sustatuz eta bermatuz.

Horrez gain, emakumeen ahalduntzerako tresnak eta espazioak, herritar guztientzat sentsibilizazio eta informazio kanpainak, gazteenentzat formazio eta babesguneak eta herrian eragiteko dinamikak garatu ditu azken urtean udalak. Baliabideak eskaintzea eta kontzientziaziorako bideak irekitzea erakunde publikoek egin beharreko gutxienekoa izanik, etorkizunean lanketa sakonagoak egitea, baliabide gehiago eskaintzeko moduak bilatzea eta herritar guztien berdintasuna lortzeko bidea urratzea Lezoko Udalaren helburu nagusietan kokatzen da.

Lezoko Udalak bat egiten du Mugimendu Feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin. Bide batez, herriko mugimendu feministarekin batera antolatutako ekintzetan parte hartzera deitu nahi ditu herritar guztiak. Indarkeria Matxistari aurre egitea denon ardura da.

Arloa edo saila