Altamira auzoko saneamendu-sistema berritzeko lanen 2.fasea astelehenean hasiko da. Lanen ondorioz, hainbat aldaketa egongo dira auzoko zirkulazio eta aparkalekuetan.
Eragin zuzenak hurrengoak izango dira:
- Tomas Garbizu Kalea itxita egongo da goranzko norabidean.
- Beheranzko norabidea erabilgarri egongo da bi zentzuetan, semaforo bidez erregulatuta.
- Tomas Garbizu Kalearen goranzko norabidean ezingo da aparkatu (itxita egongo da eta).
- Auzoko gainontzeko kaleetan, aparkalekuak egoiliarrentzat soilik egongo dira erabilgarri. Gainera, Altzate igerilekuko aparkalekuko eskuin aldeko ilaran ere egoiliarrek bakarrik aparkatu ahal izango dute. Bi kasuetan, egun eta gau osoan zehar eta obrak amaitu arte egongo dira aparkaleku horiek bertakoentzat erreserbatuta.
- Eragindako eremuetan kartel bidez adierazita egongo da aparkalekuetan bertakoen lehentasuna.
Lezoko Udalak eta Añarbeko Uren Mankomunitateak ekainean sinatu zuten lankidetza hitzarmena. Bertan jasotzen zirenen artean, proiektu nagusia Altamirako saneamendu sistemaren berritzea da. Izan ere, auzoa eraiki zenetik euri-urak eta ur zikinak bereizi gabe isuri izan dira badiara. Oinarritik konpondu beharreko sistema zen, ezinbestekoa herriaren eta ingurumenaren zaintza bermatzeko.
Astelehenean hasiko dira saneamendu-sistema berritzeko obren bigarren fasea. Esku-hartze horri esker, Pasaiako badiara egiten diren hondakin-uren egungo isurketak kendu ahal izango dira, eta Loiolako araztegira bideratuko dira, itsasora isuri aurretik behar bezala tratatzeko.
Lanek iraun bitartean sor daitezkeen eragozpenak arintzeko helburuarekin egin ditu zirkulazio eta aparkalekuetako moldaketak Lezoko Udalak. Edozein zalantza edo kontsulta egin nahiz gero, herritarrek Udaltzaingoarekin jar daitezke harremanetan 943 52 46 50 zenbakira deituz.
Lezoko Udalak auzoko bizilagunei eskerrak eman nahi dizkie lanek sortzen dituzten eragozpenen aurrean euren ulermenagatik.