2020ko apirilaren 15ean, Eusko Jaurlaritzak Ertzaintza eta Udaltzaingoak aplikatu beharreko eguneratutako irizpideen berrikuspena argitaratu zuen eta bertan ezarritakoaren arabera baratzeetan lan egin daiteke, baldin eta hara joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora baino hartzen ez bada.
Kutxa Ekogunetik, BPS Sarearen koordinazioa egiten ari dira Covid-19 egoera honetan hiru helburu zehatzekin: Batetik, BPS Sareko egoera biltzea eta erabiltzaileekin partekatzea, beti ere, ulertuta, udal bakoitzari dagokiola bere herriko Baratze Parkean legedia betetzea eta balizko segurtasun gomendioak ematea. Bigarrenik, ofizialki argitaratzen ari den informazio eguneratua bildu eta partekatzea. Eta hirugarrenik, gizartean sortzen ari diren ekimenen berri ematea eta ahal den neurrian, baratzeetan lanean aritzeko aukerak zabaldu eta eskaintzea.
Hala, egungo Covid-19 egoeran, BPS Sareko baratzeetan aritzeko aukera errazteko helburuarekin, Baratzeetarako Covid-19 Segurtasun Protokoloak eta irizpideak zehazten ari dira Baratze Parkeetan, Udal eta erabiltzaile elkarteekin lankidetzan.
Honez gain, Kutxa Ekogunetik Baratze Parkeetako erabiltzaileen elkarteei zuzendutako ondorengo ekimenak ere jarri dituzte abian:
- Baratzeetarako sasoiko plantel, lore eta landare ekologikoak erosteko aukera. Udaberri sasoi bete betean gaude eta dagoeneko baratzeetarako produktu ekologikoak eskuratzeko herrietako azokak eta guneak zabaltzen hasiak badira ere, Baratze Parkeetarako erabiltzaileek taldekako erosketak egiteko aukera zabaldu du Kutxa Ekoguneak:
• Baldintza nagusia: BPS Sareko Baratze Parke bakoitzean taldekako eskerak soilik onartuko dira. Baratzekideek ezingo dute taldekako eskaera honetatik kanpo, eskaera indibidualik egin sistema honen bidez.
• Katalogoa: Lehen eranskinean ikusgai (behean). Kontuan izan, astetik astera produktu eskuragarriak aldatu egiten direla eta eskaera egunean dagoen produktua katalogo honetan jasotzen denaren desberdina izan daitekeela.
• Logistika: Taldekako eskaeran, banakako paketeak egingo dira baratzekide bakoitzak eskatutakoarekin eta araudiak zehazten dituen baldintzetan egingo da taldekako banaketa.
• Eskaera: Interesa duten elkarteek taldekako eskaera ondorengo e-mailean egin beharko dute zuzenean: aitziber@kimubat.eus. Taldekako eskaeran gutxieneko bat ezarriko da, kasuan kasu aztertuko dena. Banaketa tokia, eguna eta ordua zuzenean adostuko da erosketa gauzatzerakoan. Interesa izan ezkero harremanetan jarri lehen bai lehen. Eskaerak jasotako ordenaren arabera kudeatuko dira.
• Ordainketa: Taldeko eskaeraren ordainketa transferentzia bidez egingo da, ordainketa bakar batean.
- Baratzeetako lursailen prestaketa lan-eskaerak egiteko aukera. Baratzeetako lursailetan lanean hasteko laguntza beharrean aurkitu daitezke zenbait erabiltzaile. Laguntza hau bideratzeko, orain arte eskaini izan den lurren prestaketarako eskaintza abian jarri du berriz ere Kutxa Ekoguneak, Covid-19 egoera berri honetan ere.
• Baldintza nagusia: BPS Sareko Baratze Parke bakoitzak taldekako eskaera bakar bat egingo du. Baratzekideek ezingo dute taldekako eskaera honetatik kanpo, eskaera indibidualik egin. Gutxieneko talde eskaera, 7 lursailen prestaketa izango da.
• Katalogoa: Bigarren eranskinean ikusgai (behean)
• Eskaera: Taldekako eskaera ondorengo e-mailean egingo da: aitziber@kimubat.eus
• Ordainketa: Taldeko eskaeraren ordainketa transferentzia bidez egingo da, ordainketa bakar batean.
Kutxa Ekogunetik gogorarazten dute baratzerako-aholkuak eskura daudela Baratze Parke Sareko Webgunean. Era berean, sasoi honetarako baliagarriak izango diren gomendio batzuk eskaintzen ditu jarraian:
• Udaberriko lurra prestatzen
• Landaketa markoa
Jokatu arduraz eta baratze ON!