Lezoko Herri Eskolako, Lezo Institutuko eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasle eta irakasleen ordezkariak udaletxea bisitatu zuten Eskolako Agenda 21en topaketetaren baitan
Aurtengoan, eskoletan Kontsumo arduratsua izan dute ardatz eta gai hau azken urteetan jorratutako gai ezberdinetara zabaldu dute. Hau da, Ura, Energia, Hondakinak eta Bioaniztasunari buruzko errepasoa egin dute, betiere, kontsumo arduratsuaren ikuspegitik.
Maiatzaren 27an egindako Eskolarteko foroan, ikastetxeetako ordezkariek gai ezberdinen inguruan hartutako konpromisoen eta Udalari aurkeztu dizkioten eskaeren zerrendak lehenetsi zituzten, eta horretaz gain, Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten eragileen (ikasleak, irakasleak, irakasle ez diren eskolako langileak, gurasoak, Udala) partaidetza nolakoa izan den baloratu zuten.
Maiatzaren 29an, berriz, eskoletako ordezkariak Lezoko udaletxeko Udalbatza aretoan elkartu ziren, Eskolarteko foroan erabakitakoaren berri ematera. Hain zuzen ere, Udalari zuzendu dizkioten eskaeren artean, esparru bakoitzetik lehentasun handienekotzat hartutakoak honakoak dira:
- URA: Herriko iturrien egoera egokia da, baina hauetako batzuk, behintzat, gurpildun aulkian doazenentzat erabilgarri jarri beharko lirateke
- ENERGIA: Kale-argiteriaren egoera nolakoa den jakiteko azterketa egitea, argi kutsadura murriztu, energia aurreztu eta segurtasuna irabazteko neurriak ezarriz
- HONDAKINAK: Jaietan zabor kopurua ahal den gehien gutxitzeko neurriak hartzea
- BIOANIZTASUNA: Herriko kultura-aniztasuna balioan jartzeko ekimenak bultzatzea
- KONTSUMO ARURATSUA: Eskolako Agenda 21 programa eta Tokiko Agenda 21 programan, Udalaren, gurasoen eta, oro har, herritarren parte-hartzea areagotzea
Bestalde, Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten eragileek (ikasle, irakasle, eskolako langile, guraso eta Udala) 2013/2014 ikasturtean izandako partaidetzaren balorazioa egin dute. Orokorrean ikasleen partaidetza egokitzat jo dute, eta baita irakasle zein eskolako bestelako langileena ere (nahiz eta apur bat hobetu dezaketen). Udalak zein gurasoek izan duten partaidetza, ordea, erdipurdikoa izan dela iritzi diote ikasleek, hobetu beharrekoa, alegia.
Ondoren, datorren ikasturtean Ekikadura jasangarria landuko dutela aurreratu zuten.
Saioaren azken zatian, Udal-ordezkariek hartu zuten hitza. Asko eskertu zuten ikasleen lana eta aurten Udalak burutzea aurreikusten dituen ekintzen berri eman zuten: anfibioen berreskurapenerako urmael bat eraikitzea, energiaren monitorizazio proiektua, etab.
Amaitzeko, ikasturte honetako Eskolako Agenda 21 programan parte hartu duten guztiei eskerrak emanez agurtu zuten ikasturte honetako azken saioa.