Bi hilabete iraun dute Errenteria eta Gaintxurizketa arteko GI-2638 errepidean eta Lezo eta Hondarribia arteko GI-3440an egindako lanek
Lezoko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak adostutako proiektua izan da, batez ere bide segurtasuna areagotzeko. Proiektuaren bidez abiadura muga 50 km ordutik 30 km ordura jaitsi da, eta neurri honekin, istripuak izateko arriskua nabarmen murriztu da, eta oinezkoen segurtasuna hobetu da.
Zaharberritze lanak ondorengo bi errepideetan egin dira: Errenteriarik Gaintxurizketa gainera doan GI-2638 errepidean (Jaizkibel eta Elias Salaberria hiribideak eta Gaintxurizketa bidea) eta Lezotik Hondarribira Jaizkibel gainetik doan GI-3440 errepidean (Jaizkibel hiribidea). Bide horietan, zirkulazio lerroak estutu egin dira; galtzadaren erdibitzaileetan irlatxoak egin dira oinezkoan joan-etorriak babesteko; oinezkoentzat lau pasabide irlatxodun egin dira; eta erdibitzaile goratuak jarri dira. Jaizkibel etorbidean bi metroko zabalera duen bidegorria jarri da, eta honek beste bidegorriarekin bat egiten du. GI-2638 errepidean, berriz, 30 bat aparkaleku jarri dira.
Lan hauek egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak 173.000 euro inbertitu ditu.