Parte-hartze prozesua abian da

La, 2012-11-24 13:29

Hondakinen gaikako bilketa sistema berria jarri aurretik parte-hartze prozesua abiarazi du Udalak herritarrei informazioa helarazi eta beren iritzi eta ekarpenak jasotzeko.

Hondakinen eta parte-hartze prozesuari buruzko informazio guztia herritarrek eskura izan dezaten, atal berri bat sortu da webgunean, “Hondakinen atala” hain zuzen, dagoeneko martxan dagoena.

 

 

Prozesuaren ezaugarriak

Aztiker enpresak diseinatu du, Lezoko Udalarekin elkarlanean, bi hilabetetako partaidetza prozesua. Enara García izango da parte-hartze prozesua aurrera eramaten lagunduko duen partaidetza teknikaria. Azaroa eta abenduan zehar gauzatuko den prozesua izango da parte-hartzearena.

Guztira 11 lan talde osatu dira herritarrekin: 6 auzokako bilerez gain, jubilatuekin, merkatariekin, elkarte gastronomikoetako kideekin eta jatetxeetako langileekin bina saio egingo dira.

Gazteekin eta udal zerbitzuetako langileekin ere saio bana egingo da. Guztiak metodologia parte-hartzaileenarekin.

Behin saio guztiak amaituta, prozesuan zehar jasotako ekarpenekin definituko den bilketa sistema azaltzeko, herritar guztientzat irekia izango den Batzar Nagusia egingo da.

Partaidetza prozesuaren helburu nagusia gaikako bilketa sistema jarri aurretik hondakinen kudeaketarako sistema berriari buruzko informazio eskaintzea da. Eta, batez ere, herritarrek beren iritziak konpartitzeko aukera izatea; baita ekarpen eta proposamenak ere.

Azken batean, Lezoko bilketa sistema berria herritarrekin batera definitzea da asmoa.

Bileren Egutegia ikusi

 

Webgunean atal berria

Dagoeneko martxan da HONDAKINAK deritzon atal berria Udaleko web orrialdean. Atal berri horretan, interesgarria eta praktikoa izan daitekeen informazioa bildu da. Gaur egungo bilketa sistema azaltzen da ordutegi eta aukera guztiekin. Garbiguneei eta autokonpostari buruzko informazioa ere badago. Atez Ateko Sistemari buruzko datu eta ezaugarriak ere jarri dira eta parte-hartze prozesuari buruzko informazioa ere bertan izango da. Azkenik, mundu mailan zabaldu den Zero Zabor kontzeptua aipatzen da.

Hondakinen gaia mundu guztian tratatzen ari den gaia izanik, garrantzitsua da guztiok honen inguruko oinarrizko jakintza bat izatea, termino eta kontzeptuekin familiariaritzen joatea.  Horretarako, informazio gehiago nahi duenarentzat, aurkezpenak eta beste webgune batzuetako loturak  ere jarri ditugu. Etorkizunari begira, beste herrialde batzuek izandako esperientziak ezagutzea eta hauetatik ikastea baliagarria izan daiteke.

 

Keinu txikietatik ongizate iraukorrera.

Hondakinen arazoari irtenbide eraginkor bat emateko bidean, Lezoko Udalak birziklatzeaz haratago joan nahi du. Udalaren ustez, Gizartean eztabaidagai den bilketa sistemaz gain, prebentzioaren garrantzia eta gaur egungo kontsumo joerak birplanteatu behar dira.

Lezok, gaur egun, duen bataz besteko birziklatze tasa %27,82koa da, Gipuzkoako %32ko bataz bestekoaren azpitik, nabarmen. Lezok gaur egun baino birziklatze maila altuagoak lortu behar ditu epe motzean: ahalik eta altuenak, asko eta ondo birziklatuz.

Horretarako, herritar bakoitzaren keinu txikietatik abiatu behar dugu, zure eta gure keinu txikietatik, ahalik eta praktika jasangarrienei heldu behar diegu. Bide horretatik, herritar bakoitzak egiten ditugun keinu txikietatik, asko dugu hobetzeko, eta irabazteko.

 

Arloa edo saila