Hiru eta hamar urte arteko 194 haurrek eman dute izena aurten
Lezoko Udaleko Euskara eta Kultura sailak antolatzen dituen Udaleku Irekiei hasiera joan den ostiralean eman zitzaien eta hilabete bukaera arte, uztailak 29 arte, iraungo dute. Horrela herriko haurrek giro euskaldun eta atseginean jolasak, dantzak, kantak, antzerkia eta beste hainbat ekintza egingo dituzte, Lezoko ohiturak eta ingurunea ezagutzen dituzten bitartean. Adinaren arabera osatu da programa.
Udaleku Irekiak hiru eta hamar urte arteko neska-mutilei –2006-2013 bitartean jaioak– zuzendutako jarduera da, astelehenetik ostiralera goizeko ordutegian, 9.30etik 13.30era. Aurten 194 haurrek hartuko dute parte, zeinak talde ezberdinetan banatuak izan diren, adinaren arabera. Ondorengoa da banaketa:
- Txikiak:
- 3 urte: 7 haurrez osatutako 2 talde
- 4-5 urte: 10-12 haur inguruko 5 talde
- Ertainak:
- 6-7-8 urte: 12 haurrez osatutako 7 talde
- Handiak:
- 9-10 urte: 12 haurrez osatutako 3 talde
Aurtengo berrikuntza nabarmena udalekuak izango duten blog propioa izango da. Bertan, egunero egiten diren ekintzen berri eman eta osatu den programa bistaratu ahal izango da. Blogerako sarbidea gurasoek izango dute soilik eta pasahitza begiraleari eskatu beharko zaio. Pasahitza astero aldatuko da.