Lezoko web orrialdeko ingurumen atalean edukiak berritu dira. Alde batetik, eskolako agenda 21 proiektuaren barruan egindako lana jasotzen duen atal berri bat osatu da, eta, bestetik, airearen kalitatearen inguruko informazioa eguneratu da.
Eskola Agenda 21
Eskolako Agenda 21aren inguruko esteka berria sortu dugu, bertan, Herri Eskolako eta Lezo Institutuko ikasleek ingurumena eta jasangarritasuna lantzeko egiten duten lana erakusten da. 2009.urtean jarri zen martxan ekimen hori Lezon, eta ikasturte bakoitzean ingurumen gai bat landu dute. Hauek dira 2009. urtetik hona landutako gaiak: ura, hondakinak eta energia. Aurtengo ikasturtean berriz, biodibertsitatea da lantzen ari diren gaia.
Gai bakoitza lantzeko ikasleek ekintza ezberdinak burutzen dituzte, hala nola, irteerak, eskola eta herriko diagnosiak, tailerrak, etab. Ikasturte bukaeran, ateratako ondorioak jakinarazten dizkiote Udaletxeari, horretarako ospatzen den foroan. Horretaz gain, ekitaldi horretan ere beraien kezka eta proposamenak azaltzen dituzte. Ikasturtean zehar landutako hainbat material eskuratu daitezke Lezoko web orrialdean.
Airearen kalitatea hobetzeko neurri zuzentzaileak behar dira
Airearen kalitateari dagokionez, Polentzarreneko estazioan jasotzen diren material partikulatuari (PM10) buruzko datu historikoak eguneratu dira, 2011. urte osoko datuak jasoz. Aurretik aipatu izan den moduan, 2011ko lehen sei hilabeteetan 2010. urte osoan baino datu txarragoak jaso ziren. Izan ere, 2010. urtean 10 aldiz bakarrik gainditu zen legeak ezartzen duen eguneko bataz besteko muga (50 µg/m3); 2011ko lehenen sei hilabeteetan, berriz, 15 aldiz gainditu zen. Orain, 2011ko urte osoko datuekin, muga hori 22 aldiz gainditu dela ikusi da eta, ondorioz, 2006. urtetik jaso den beherako joera hautsi egin da. Hala eta guztiz ere, kopuru hori ez da iristen 102/2011 Errege Dekretuak ezarritako 35 gainditzeetara.
Lezon, PM10 iturri nagusia Pasaiako portuko zamalanak dira. Zenbait merkantzien karga- eta deskarga-lanak egiten direnean (batez ere, txatarra eta hauts kantitate handia dutenak), hauts-partikula ugari isurtzen da atmosferara neurri zuzentzaileak jartzen ez badira. Egun, Lezoko Udalak Pasaiako portuan neurri zuzentzaileak jartzeko lanean ari den erakunde desberdinek osatzen duten mahaian parte hartzen du.