Estazio berria Andreone udal-liburutegiaren aurrean dago kokatua, eta bere helburua da airean egon daitezkeen hainbat kutsatzaileen neurriak hartzea. Gainera, parametro meteorologikoak ere neurtzen ditu.
Egun, Lezon badago airearen kalitatea neurtzen duen estazio finkoa, Polentzarrene kalean, Kaialde inguruan. Estazio hori Eusko Jaurlaritzaren Airearen kalitatea zaindu eta kontrolatzeko sarearen barne dago, eta horrek jasotzen dituen datuak web orrialde honetan ikus daitezke.
Estazio finkoez gain, bere kokapenean hainbat urtez egoten direnak, Zaintza sarean estazio mugikorrak ere daude; estazio horiek hilabete batzuk bakarrik egoten dira bere kokapenean, eta estazio finkoen kokapen berriak aztertzeko naiz kutsadura egoera zehatzak neurtzeko erabiltzen dira.
Instalatu berri den estazio mugikorra eta estazio finkoa, batera egongo dira lanean hiru hilabetez, horrela, biek neurtzen dituzten kutsatzaileen datuak alderatu ahal izango dira.
Estazio mugikorrak hainbat kutsatzaile neurtzeaz gain (S02, PM10, NOx, O3 eta CO), haizearen abiadura eta norabidea, presio atmosferikoa eta eguzki-erradiazioari buruzko datuak ere jasotzen ditu.
Pasaiako Portuaren ingurumen egoera hobetzeko eratutako erakundeen arteko mahai-teknikoak egindako txostenean jaso zen estazio mugikor hori jartzeko ekimena. Mahai horretan, inguruko udaletxeaz gain (Donostia, Lezo, Pasaia eta Errenteria), Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzen dute, Portu Agintaritzarekin batera. Horrela, estazioa jartzeko ardura Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak hartu zuen, eta Lezoko Udalari egin zion proposamena.
Azkenik, Udalak barkamena eskatzen du estazioaren kokapenak sor ditzaken eragozpenengatik.
Aurrerantzean Lezoko airearen kalitateari buruzko informazio gehiago Lezoko web orrialdean aurkitu ahal izango duzue.