100.000 euro aurreztuko dira atez atekoarekin

Ar, 2013-02-05 16:48

Atez ateko sistema berriarekin 100.000 euro aurreztuko direla aurreikusten du Udalak.

Ainhoa Intxaurrandietak, Lezoko Udaleko zinegotziak azaldu ditu aurrezkiaren nondik norakoak gaur goizeko aurkezpenean. Jakinarazi du San Markok aurreikusten duela Lezok 788 hondakin tona botako dituela zabortegira eta tona horiengatik 113.680,82 ordaindu; iaz, 213.891,95 euro ordaindu zituenean. Hau horrela, sistema berriarekin %46,85 tona gutxiago botako dira zabortegira aurten.

San Marko Mankomunitatetik, Denis Itxaso lehendakariak eta Mikel Pagola lehendakariordeak aurkezturiko 2013ko datuen aurreikuspenetan oinarrituta aurkeztu ditu Lezoko Udalak datuok.

Intxaurrandietak Lezo eta Urnietako herriak ere konparatu ditu, biztanle kopurua antzeko izanik, Urnietan 2012 amaieratik 5.edukiontzia dutelako.“27.000 euroko aurrezkiaz hitz egiten dugu Urnietako kasuan, Lezon 100.000 euroko kopuruaz ari garen bitartean. Zergatik aldea? Bada, 5.edukiontziarekin hondakinen tona kopuruaren gutxitzea %11,46 soilik delako eta Lezokoa berriz, %46 85ekoa” azaldu du zinegotziak.

Otsailean zehar, hainbat jarduera ongizate iraunkorraren bidean

Udalak ongizate iraunkorraren bidean adostutako konpromisoekin jarraituz otsailean zehar antolatu dituen sentsibilizazio jarduerak ere aurkeztu ditu.

Otsailaren 16an Zarauzko zabortegira, San Marko Mankomunitateak Urnietan duen ontzi arinak sailkatu eta birziklatzeko plantara eta Usurbilera, atez atekoaren funtzionamendua ezagutzeko bisita egingo da.

Otsailaren amaieran, Oarsoaldetik Kutxa Ekogunearekin elkarlanean “Ontziratu zaitez” kanpaina abiatuko da. Kanpainaren nondik norakoak hurrengo asteetan azalduko dira.

Bestalde, Atez ateko sistema berriaren inguruko informazio bulegoa otsailaren 14an irekita izango da. Kultura Aretoa egokituko da horretarako eta informazio euskarriez gain, hezitzaileak izango dira lanean herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko.

Autokonposta dagokionez, ikastaroak emateaz gain, Udalak doan banatuko du beharrezko tresneria eta hala egiten duten bizilagunek zabor tasetan %40ko hobaria izango dute. Ikastaroak otsailaren 18an hasiko dira, aste osoan zehar izango dira egunero ordu eta erdiko saioak eta elebitan emango dira.

Datorren astelehenetik aurrera, otsailak 4,  Udaleko erregistrora deituta eman ahalko da izena bai
otsailaren 16ko irteerarako, baita autokonposta ikastaroetan parte hartzeko ere.

Informazio gehiago nahi izanez gero jarraitu lotura hau
 

Arloa edo saila