Atez Atekoaren abantailak

Ar, 2014-01-28 12:20

 

Lezon hondakinak jasotzeko sistema berria abian jarri zenetik birziklatze tasa hirukoiztu egin da; Udalak 200.000 eurotik gora aurreztu du eta bi lanpostu sortu ditu. Datozen egunotan Udalak diptiko bat banatuko du datu esanguratsuenekin

Ainhoa ZabaloLezoko alkateak eta Eneko Lartide ingurumen zinegotziak hondakinak Atez Ate eta gaika biltzeko sistema berriaren ezarpenenaren balorazioa egin dute gaur goizean. Lezoko Udala joan den urteko maiatzaz geroztik ari da hondakinak Atez Ate biltzen, eta alkatearen esanetan, “aldaketa guztiz positiboa izaten ari da”, eta “arrakastaren gakoa” herritarren “jarreran eta inplikazioan” dagoela nabarmendu du.

Horrela izanik, lezoarrei eskerrak emanez hasi du prentsaurrekoa Ainhoa Zabalo alkateak. “Mila-mila esker, bene-benetan. Atez Atekoak emaitza bikainak utzi dizkigu, aldaketa guztiz positiboa izan da. Baina prentsaurrekoa herritarrei eskerrak emanez hasi nahi dut hilabete hauetan azaldu duten jarreragatik, inplikazioagatik eta prestutasunagatik. Zalantza izpirik gabe, sistema berriaren arrakastaren gakoa izan dira”.

Hori esanda, jarraian hondakinak gaika jasotzeko bilketak zazpi hilabete hauetan utzi dituen datu esanguratsuenak nabarmendu ditu. Birziklatze tasak izan duen bilakaerarekin hasi da. “% 28ko tasa geneukan apirilean, eta abendukoa % 85ekoa izan da. Atez Atekoarekin hirukoiztu egin dugu birziklatze tasa, aurreikuspen guztiak gaindituz. Lehenengo hilabetean jada, hirukoiztea lortu genuen, eta gainontzeko hilabeteetan zailena lortu dugu, mantentzea”.

Hasiberriak direla jakitun, perspektibarik galdu gabe etorkizunean datuak berresteko erronkari aurre egiteko deia luzatu die herritarrei: “Maiatzetik hona azaldu duzuen jarrerarekin eta prestutasunarekin jarraitzera animatzen zaituzte”.

Urteroko aurrizkia

Birziklatze tasa datuak bezain onak izan dira Atez Atekoak utzi dituen datu ekonomikoak. Ainhoa Zabalok azaldu duenez, hilabete hauetan Udalak 200.000 eurotik gora aurreztu du, beti ere 4. edukiontziaren sistemarekin alderatuta. “Zehatz-mehatz, 203.141 euro aurreztu ditugu. Urtero-urtero izango dugun aurrizkia da gainera”.

Jarraian, xehetasunak eman ditu. “UTErekin geneukan kontratuan, 28.614 € aurreztu ditugu; San Marko Mankomunitateari ordaintzen diogun kuotan, 172.357 €; eta Atez Ateko bilketari dagozkion diru-sarrerekin, 29.699 €. Guztira, 230.000 €tik gora. Kopuru horri amortizazioa kendu behar diogu, 27.529 €”.

Hondakin sistema berria martxan jartzeko 2013 urtean Lezoko Udalak inbertsio handia egin zuen, hain zuzen, 308.787 €koa. Bertan sartzen dira kamioi berriaren erosketa, zintzilikarioak, ontziak, poltsak, larrialdi guneak edo-eta informatzailea. “Inbertsio handia egin behar izan genuen, egia da. Baina hilabete hauetako datuek arrazoia eman digute, eta urtero aurreztuko dugunarekin, sistema berak estaliko du inbertsioa bi urteren bueltan”, azaldu du alkateak.

Datuekin amaitzeko, Atez Ateko sistemari esker Udalak bi lanpostu sortu dituela nabarmendu du Zabalok. “Krisi garaian Atez Atekoak lanpostuak sortu ditu; eta gaur egun lanpostuak sortu direla esatea harro egoteko modukoa da. Gainera, urtero sortzen den aurrizkiarekin Udalak beste zerbitzuak indartzeko aukera izango du”.

Prentsaurrekoa amaitu aurretik, Atez Ateko lehenengo egunean egindako adierazpen batekin gogoratu da alkatea. “Sistema martxan jarri genuenean esan nuen ate bat dagoen lekuan irtenbide bat dagoela beti. Lezon atez atekoarekin natura eta ingurumenaren zaintzari atea zabaldu diogu, eta gure ondorengoek irtenbide egokia dela esango digute hemendik hamarkada batzuetara. Ziur nago!”.

Diptikoa etxeetara

Gaur goizeko prentsaurrekoan Atez Ateko sistemaren balorazioa egitearekin batera, etxebizitza guztietara bidaliko den diptikoa aurkeztu dute. Diptikoak Ainhoa Zabaloren eskutitza, birziklatze tasak utzitako datuak eta datu ekonomikoak jasotzen ditu. Prentsaurrekoan aurreratu dutenez, aste honetan bertan banatuko da. 

Arloa edo saila