Udalerriko zenbait putzuetan laginketak egin berri dituzte bi helburu nagusirekin: udalerriko anfibio eta narrastien inbentarioa osatzea eta bertako populazioen egoera ezagutzea
Lezoko Udala Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean burutzen ari den proiektu honen helburu nagusia Lezoko anfibio eta narrasti populazioen kontserbazio egoera hobetzea da, izan ere, herpeto espezieen, anfibio eta narrastien, laurdena mehatxu egoera larrian baitago -mundu mailan ornodun talde mehatxatuena da-.
Proiektua 2014-2015 urteetan zehar garatuko da, eta bi lan ildo nagusi aurreikusten dira bere baitan. Alde batetik, Olatzar errekaren ertzean anfibioentzako putzu bat eratuko da, Lezoko Baratza Parkearen ondoan. Bide batez, degradatua dagoen eremu bat berreskuratuko da, izan ere, egun txabola bat eta hainbat hondakin daude bertan pilatuta. Horrela, eremua garbitu, putzua egin eta erreka bazterrean ibaiertzeko landaredia landatuko da.
Bestalde, ikerketa lanak burutuko dira. Esanguratsuena Lezoko inbentario herpetologikoa eratzea izango da, hau da, anfibio eta narrastien inbentarioa; horretarako, egungo bibliografia mendiko lanarekin (laginketak) osatuko da. Gaur egun Lezon dauden putzuak aztertuko dira, baita putzu gehiago eratzeko eremu aproposak identifikatu ere.
Momentuz, Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologoak hasi dira laginketak egiten udalerriko zenbait putzuetan. Herri lurretan kokatutako putzuetaz gain (bai Jaizkibeleko baita haztegietako urmaelak), terreno partikularretan dauden zenbait putzuetan ere egiten ari dira laginketak, lur horiek jabeekin adostu ondoren.
Hau ez da Lezoko Udalak bizidun urtarren mesedetan gauzatzen duen lehenengo ekintza, izan ere, 2010. urtean Jaizkibelen putzu txiki bat egokitu baitzen, eta 2009. urtetik aurrera erreken eta ibaiertzeko basoen kalitatea hobetzeko hainbat ekimen burutu baitira. Orain martxan jarri berri den proiektuak, putzu berri bat egitea aurreikusten badu ere, beste hainbat ekintza barneratzen ditu bere baitan.
Schreiber muskerra
Arreta berezia jarriko zaio Schreiber muskerrari (Lacerta schreiberi), izan ere, Lezon Euskal Autonomia Erkidegoko Espezie Mehatxatuen Zerrendan Interes Bereziko espezie bezala katalogatua dagoen espezie horrentzat habitat egokiak egon badaude, baina bere populazioaren inguruko informazioa oso murritza eta zaharkitua geratu dela ikusita, laginketak burutuko dira Jaizkibelgo hegoaldeko magalean.
Argazkia: J.J. Garcia
Anfibio eta narrastiek bizi diren eremu edo habitatekiko erakusten duten lotura hertsiak (anfibioen kasuan habitat urtar zein lehortarrera), are zaurgarriago bilakatzen ditu. Lan honetan, beraz, nahitaez habitatean hobekuntzak eman beharko dira, izan ere azken hamarkadetan gizakiak suntsitu eta eraldatu egin baititu modu nabarmenean.
Eraldaketen kasuan, espezie batzuk habitat antropizatuetara moldatu egin dira, larre, belardi eta labore-lurrak kasu. Baina ingurune “erdinatural” hauek jasaten duten kudeaketa motak (ekologikoak edo tradizionalak) anfibio eta narrastiei kalte edo mesede egiten dien aztertzen ari da Aranzadi Zientzia Elkarteak 2011. urtetik hona, eta Lezoko proiektuaren baitan sortuko den putzu berria azterlan honen parte izango da 2015. urtetik aurrera.
Gainera, proiektuak baditu beste helburu batzuk ere, hala nola, udalerriko anfibio eta narrastien populazioaren ezagupenean sakonduko da, eta bi talde faunistiko hauek adierazle moduan erabiliz udalerriaren balorazio egingo da, eta ahal den neurrian herritarrak espezie hauen garrantziaz jabetu daitezen, difusio kanpaina bat martxan jarriko da.
Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren dirulaguntza jaso du, guztira 14.859,54 euro.
Proiektuaren zabalkundea
Egindako lana ezagutzera emateko, hainbat komunikazio eta dibulgazio ekintza aurreikusten dira. Horrela, Lezoko web orrialdean atal berezi bat irekiko da proiektuaren nondik norakoak jasoko dituena. Gainera, sortuko den putzu berrira zenbait bisita antolatuko dira, bai Baratza Parkeko erabiltzaileekin zein Lezoko ikastetxeetako ikasleekin. Putzu berrian informazio panel bat egokituko da, eta proiektuaren bukaeran Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia saileko teknikariek hitzaldi bat emango dute egindakoaren emaitzak azalduz.