Aranzadiko herpetologoek izendatu gabeko hiru anfibio/narrasti aurkitu dituzte eta habitat berria berreskuratu dute
Lezoko Udalak eta Zientzia Elkarteak elkarlanean garatzen ari diren egitasmoaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur goizean. Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak, Juantxo Agirre Mauleon ko Idazkari Nagusiak eta Ion Garin Zientzia Elkarteko Herpetologia Saileko ikerlariak aditzera eman dutenez, Lezon izendatu gabe zeuden hiru anfibio/narrasti espezie aurkitu dituzte eta anfibioentzat berebiziko garrantzia duen habitata berreskuratu da.
Lezoko Udala eta Aranzadi Zientzia Elkartea elkarlanean ari dira Lezoko anfibio eta narrastien kontserbazio egoera hobetzeko. Horixe da, hain zuzen, elkarrekin garatzen ari diren egitasmoaren xedea. Elkarlanaren abiapuntua, berriz, 2012an Lezoko Gezalan auditorioan antolatu zen Jaizkibel, denboraren kapsula ondare natural eta kulturalarentzat izeneko sinposioan dago. Bertan antzeman ziren gabeziei irtenbide ematera dator bi instituzioen arteko lankidetza.
Elkarlan horren baitan, 2014 urtean zehar Aranzadiko herpetologoek bi jarduketa burutu dituzte. Batetik, laginketa lanak egin dituzte Lezoko landa eremuan udalerriko anfibio eta narrasti espezien inbentario edo zerrenda eguneratzeko. Espezie horientzat egokiak diren habitatak aztertu dituzte. “Anfibioen kasuan, putzu, hezegune eta errekastoetan aritu gara; eta narrastien kasuan, harizti zein amezti baso ertzak, larreak eta eskaiak”, azaldu du Ion Garinek, Zientzia Elkarteko Herpetologia Saileko ikerlariak.
Laginketa horiek bere fruituak eman dituzte, eta Lezon orain arte izendatu gabe zeuden hiru espezie aurkitu dira: ur igel arrunta (Pelophylax perezi), hegoaldeko suge leuna (Coronella girondica) eta Eskulapio sugea (Zamenis longissimus). Azken hori, Euskal Autonomia Erkidegoko Espezie Mehatxatuen Zerrendan “Interes Bereziko” espezie moduan sailkatua dago.
Zientzia Elkarteak emandako datuen arabera, 135 laginketa egin dira: 52 anfibioentzat eta gainontzeko 83ak narrastientzat. Eta guztira, 13 espezie aurkitu dira: 4 anfibio mota eta 9 narrasti. Aranzadiko kidearen hitzetan, “deigarria egin zaigu horren anfibio mota gutxi aurkitzea, eta gainera, horren kopuru txikietan”.
Anfibioentzako putzua
Laginketaz gain, anfibioentzako putzua egokitu da Olatzar errekaren ertzean, Baratza Parkearen aldamenean. Eta horretaz gain, putzuaren ondoan anfibioentzako gordelekuak egokitu dira eta eremua hesiz babestu da.
Ion Garinek jakitera eman duenez, “sortu berri den habitatean dagoeneko zenbait burruntzi (Gomphus vulgatissimus) ikusi dira, baina denbora beharko da bere balio naturala berreskuratu eta espezie gehiago gerturatzeko”. Herpetologoaren esanetan, “espero dugu udaberri aldera zenbait espeziek ugal putzu gisa erabiltzea: uhandre palmatuak (Lissotriton helveticus), txantxiku arruntak (Alytes obstetricans) edota ur igel arruntak (Pelophylax perezi).
San Pedro auzoan sortu den putzua Lezoko Udalak berreskuratzen duen bigarrengoa da –lehena Jaizkibelen egin zen, 2009an–, eta bertan topa daitezkeen espeziak eta putzua bere modurik egokienean berreskuratu dadin, kartel bat jarri da bete beharreko arauak azalduz.
Prentsaurrekoan aurreratu dutenez, datorren urterako ekintza gehiago aurreikusten dira egindako lanen berri emateko. Momentuz, hiru: putzura bisitak, eskolekin eta Baratza Parkeko erabiltzaileekin; hitzaldi bat, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek proiektuaren berri emateko; eta, azkenik, auzolan eguna antolatuko da, putzuaren inguruan landaketak egiteko. Datak zehazteko daude, baina landaketa udaberri aldera egingo da.
Ekintza horiez gain, udaran laginketa gehiago egitea aurreikusten da espezien zerrenda osatzeko eta Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi) bilatzeko.
Egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren diru-laguntza jaso du, guztira 14.859,54 euro.
Ekizaintza akordioa
Lezoko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Ekizaintza akordioa sinatu dute orain dela aste batzuk. Akordio horren baitan zientzialariek orain arte Lezon sortutako putzuen jarraipena hartzen dute bere gain, eta beste urmael bat egiteko konpromisoa Jaizkibeleko herri lurretan.