Ostiralean hasiko dira 8. antzerki topaketak

Az, 2013-05-08 14:06

Orratx! Lezoko antzerki taldeak “Kale Gorrian” lana estreinatuko du maiatzaren 10ean. Programazioa Txalo taldearen “Erreleboa” lanarekin eta Huts Teatroaren “Publikoari gorroto” lanarekin osatuko da. Guztiak Gezala Auditoriumean izango dira

Ostiralean hasiko dira Lezoko 8.antzeri topaketak. Aurtengo edizioan, herriko Orratx! Antzerki taldeak hartuko du parte topaketetan. Herriko taldeaz gain, Txalo Taldea eta Huts Teatroa konpainiek bisitatuko dute Lezo. Izaera oso ezberdineko, baina kalitate handiko hiru obrek osatuko dute, beraz,  aurtengo 8.antzerki topaketen egitaraua.

Jaialdia, Orratx! Antzerki taldearen “Kale Gorrian” izeneko obraren estreinaldiarekin abiatuko da ostiralean, maiatzaren 10ean. Xanti Val Lezoko Udaleko Kultura teknikaria ziur da herriko antzerki taldearen lan berria ikus-entzuleen gustukoa izango dela: “Urteak daramazkigu herriko talde honen lanak dastatzen. Eta aurtengorako prestatutako obra ere, beti bezain atsegina eta landua egongo dela, ziur gaude”. Obrak jorratuko duen gaia ere aurreratu du Val-ek: “Gaia, zoritxarrez, oso presente dago gure egungo egoeran, egunerokoan: espekulazioa, desjabetzeak, engainuak, ustelkeriaren aurkako borroka…” Estreinakoz, maiatzaren 10ean plazaratuko da “Kale Gorrian” ikuskizuna, 22:00etan, Gezala Auditorium-ean. Alabaina, maiatzaren 11ean, 20:00etan, berriz ere jendaurrean erakutsiko da obra berria.

Mikel Arruti Lezoko Udaleko kultura zinegotziak adierazi duenez “euskal kultura sustatzearen konpromisotik” abiatuta osatu dira, egoerak egoera, aurtengoan ere topaketok: “Euskal antzerki garaikidea, euskal kultura osoa bezala, poltsiko zulatuekin dabil. Udalaren egoera ekonomikoa ere ez da hona, baina jakin badakigu publikoa gose daukagula eta bereziko ahalegina egin dugu ahalik eta eskaintzarik onena osatzeko”. Horren adierazle da, herriko antzerki taldearen presentziaz gain, hainbat sari jaso dituzten obrekin osatu dela aurtengo edizioko egitaraua.

Jardunaldiak ahalik eta borobilenak izan daitezen, Lezoarrei egin die dei Arrutik: “orain Lezoko herritarren aldeko erantzuna behar da. Hiru obra aukeran, hiruak ere ederrak, eta prezio merkean.” Sarrerak 5 euroko salneurrian dira eskuragarri: Orratx! taldearen ikuskizunerako, herriko ohiko lekuetan; beste bi emanaldien sarrerak Kultura Saileko bulegoetan edota Internet bidez eros daitezke.

Txalo Antzerkiaren eskutik, “Erreleboa” obra aurkeztuko da maiatzaren 26an, 19:00etan. Antzerkiak Algezirasen soldaduskan dauden bi euskaldunen peripeziak ditu hizpide. Iker Galartza eta Joseba Usabiaga aktoreen eskutik, Algezirasen soldaduska egiten ari diren bi lagunen istorioa kontatzen da soldaduskaren gaineko parodia honetan.  Soldaduskaren absurdua abiapuntu hartuta, herriminaz, adiskidetasunaz eta beste zenbait baloreez jardungo dute bi protagonistek. Iker Galartzak Ernesto Caballeroren jatorrizko Retén antzezlana itzuli eta egokituta osatu du 2005eko Azpeitiko XXIII. Antzerki topaketetan antzezlan onenaren saria jaso zuen lana.

Topaketekin amaitzeko, XIII. Donostia Antzerki Saria irabazi duen antzezlan probokatzaileaz gozatzeko aukera izango da Lezon. Huts Teatroaren eskutik, Xabier Mendigurenek 1985ean idatzi eta Manex Fuchs-ek zuzendutako “Publikoari gorroto” obra aurkeztuko baita.  Saioa, ekainaren 2an izango da, 19:00etatik aurrera Gezala Auditorium-ean.

 

Arloa edo saila