Aurrekontua dirutan jaitsi arren, jaietarako gogoa izan da nagusi egitarau osatu eta zabala antolatzeko herriko eragileen laguntzarekin
Ostiralean hasiko dira Mendekosteak. Horrela iragarri dute gaur arratsaldean Lezoko Udaleko Pleno Aretoan egindako agerraldian Ainhoa Zabalo alkateak, Mikel Arruti Kultura zinegotziak eta Xanti Val kultur teknikariak. Ekitaldian herriko eragileekin elkarlanean osatuta egitaraua aurkeztu dute.
Udal ordezkariekin batera, herriko eragileen ordezkaritza izan da jaien aurkezpenean. Ainhoa Zabalo alkateak haien konpromiso eta lanerako grina nabarmendu ditu: “Jaien aurrekontua jaitsi behar izan dugu, eta neurri handi batean Mendekosteak herriko eragileen laguntzari esker ospatuko ditugu. Lezoko Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiet guzti-guztiei”. Eta jarraian, haien izenak aipatu ditu banan bana: Aiton Borda, Allerru-Jaizkibel Ehiza Elkartea, Allerru Pilota Taldea, Gaxuxa Emakume Taldea, Haurtxo Haur Eskola,
Hezikuntza Elkartea, Ixkulin Elkartea, Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua, Lezoko Euskal Dantzazaleak, Lezoko Oroitzene AEK, Lezokoak Elkartea, Murixka Dantza Taldea, Pasaia Lezo Lizeoa, Pasaia Lezo Lizeoko Gurasoak, Tiñelu Elkartea eta Zabarre Taldea.
Mikel Arruti Kultura zinegotziak jaien izaera herrikoia nabarmendu du, “herritarrekin eta herritarrentzat egindako festak dira. Ekitaldi xumeak antolatu ditugu, guztiak doakoak. Baina hiru egunez non gozatua izango dugu lezoarrok eta inguruko herrietatik gerturatuko direnak”.
Programazioari dagokionez, larunbateko Sagardo Eguna nabarmendu dute. “Aurten bataz beste 10 izango dira parte hartzaileak, eta Lezoko usadioan, aipatzekoa da ez direla sagardotegi komertzialak izango. Hau da, Lezoko baserrietan egindako sagardoa izango da herriko sagardo festarako eskainia. Lehenagotik, eguerdi partean, bazkari herrikoia izango dugu Karlos Saldise plazan. Jai eguna borobiltzeko Modestorekin ohiko berbena/dantzaldia izango da Gurutze Santuaren plazan” iragarri du Xanti Val teknikariak.
Sagardo dastatzea, ordea, ez da jai hauetan nabarmendu den ekitaldi bakarra. Izan ere, egun handirik edo ekitaldi berezirik ez egon arren, Zabarre piratak ireki eta isten ditu jaiak. Horrezaz gain, larunbatean, Lezoko dantzazaleen eskuartzea eta bazkari herrikoia , sagardo festa, ...; baina ostiralean Zabarreren etorreraren ondoren, afaltzeko, barrikote herrikoa izango da (udalak sagardoa jarriko du eta norberak bokadiloa, kazuela edo dena delakoa). Igandean aldiz, toka, haur jolasak ... eta, esan bezala, Zabarreren itzulera, bandaren kontzertua eta zezen suzkoa. Hau da honakoan herri eta guraso elkarteei esker, jai hauen txikitasunean atsedenerako tarterik ez da eta egunero giro onean pasatzeko aukera dago.
Zabarre pirataren ipuina
Zabarre piratak 20 urte bete ditu aurten. Hori dela eta, Zabarre Taldeak izen bereko pertsonaiaren ipuina argitaratu du. Aritz Gorrotxategi idazleak osatu du 24 orrialdeko ipuina, Ainhoa Jauregi pasaitarraren ilustrazioekin. Taldearen helburua ipuina Lezoko etxe guztietara zabaltzea da, eta dagoeneko salgai
Dago Zabarre Taldeak Zubitxo kalean zabaldu berri duen egoitzan edo astean zehar herriko kaleetan jarriko dituzten mahai ezberdinetan. Salneurria 5 eurokoa da.