Santakrutzak, “herriarekin eta herriarentzat”

Al, 2013-09-09 13:06

Gaur aurkeztu da egitaraua; festak ostiralean hasiko dira alkate txikien pregoiarekin, eta astelehenera arte izango da non gozatua 

Ainhoa Zabaloalkateak eta Mikel Arruti Euskara eta Kultura zinegotziak gaur goizean aurkeztu dute Santakrutzak 2013ko egitaraua. Festak ostiralean hasi, eta astelehenera arte luzatuko dira. Tartean, adin tarte eta gustu ezberdineko herritarrentzat antolatutako ekitaldiak izango direla iragarri dute, “herriarekin eta herriarentzat” antolatu dituztela azpimarratuz.

Mikel Arruti Euskara eta Kultura zinegotzia egitaraua osatzen lagundu duten guztiekin gogoratu da egitaraua aurkeztu aurretik. “Egungo egoera ekonomikoak behartuta aurrekontua jaitsi egin dugu, eta Lezoko elkarteen inplikazioari esker lortu dugu egitarau erakargarria osatzea. Hortaz, nire izenean eta Lezoko Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiet guzti-guztiei: Allerru Danborrada, Altzate Elkartea, Allerru Pilota Taldea, Arrantzaleen bazkaria, Ernai, Gaxuxa Emakume Taldea, Haurtxo Haur Eskola, Herrira, Hezikuntza Elkartea, Ixkulin Elkartea, Jaizkibel Allerru Elkartea, Lezoko Euskal Dantzazaleak, Lezokoak Elkartea, Murixka Dantza Taldea, Oroitzene AEK Euskaltegia, Tartekoen bazkaria, Tiñelu Elkartea, Trapujale Taldea, Pasaia Lezo Lizeoko gurasoak, Aiton Borda eta Lezo institutoa.

Era berean, Lezoko hainbat jatetxek –Uztarri, Kaialde, Patxiku-Enea, Zaldiak, Carmen SagarZulo, Etxeberri, Elortegi, Oriotarra eta Irurtzun Berri– egindako ekarpena eskertu du, jaietako ekitaldien sariak beraien esku hartu dituztelako.

Ostiraletik astelehenera

Santakrutzak 2013 ostiralean hasiko dira. 19:00etan alkate txikiek pregoia irakurri eta txupina botako dute lau eguneko ospakizunei hasiera emanez. Tartean, “non gozatua” izango dela iragarri dute, adin tarte eta gustu ezberdineko herritarrentzat antolatutako ekitaldiekin. Guztiak ezin nabarmendu, eta Arrutik ostiraleko Helduen Danborrada; larunbateko IV. Muxiko Eguna, “tartekoen” eta “arrantzaleen” bazkariak, rock emanaldia; igandeko Inude eta Artzainen desfilea eta marmitako jana; eta asteleheneko Baserritar Egunaren baitan antolatutako ekitaldiak aipatu ditu.

Berrikuntzen artean, berriz, Aspe enpresak igandean antolatu duen pilota jaialdia nabarmendu du. “Lehenengo aldia izango da Lezoko jaietan pilotari profesionalen partidak ikusteko aukera izango duguna. Bi partida izango dira igandean, eta estelarrean, Titin III-Zubieta eta Jaunarena-Merino II bikoteak nor baino nor ikusteko aukera izango dugu”.

Nobedadeen atalean, festen egitaraua QR bidez deskargatzeko aukera izango dela iragarri du. “Unai Tolosa lezoarrak prestatu du aplikazioa mugikorrekin jaisteko; bere borondatez egin du”. 

Azken uneko aldaketa baten berri ere eman dute. Izan ere, asteleheneko bertso saioan Sustrai Colinak Amets Arzallus ordezkatuko du.

Alkatearen gonbita

Egitaraua aurkeztu ondoren, Ainhoa Zabalo alkateak lezoarrei, eta inguruko herrietatik etorriko direnei, festez gozatzeko deialdia egin die. “Urte guztia lanean edo bestelako zereginetan pasatzen dugu, eta halako egunak ongi pasatzeko eta parranda apur bat egiteko baliatu behar ditugu”.

Ongi pasa bai, baina erantzukizunez eta errespetuz “festak eta alaitasuna uztargarriak direlako ingurumenaren zaintzarekin, gure kultura eta hizkuntza errestatzearekin edota emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin, besteak beste”, horixe izan da alkateak bidali duen mezua

Amaitzeko, etxetik urrun preso edo gaixorik dauden senitartekoak gogorarazi nahi izan ditu. “Fisikoki ez dira gurekin izango kale, taberna, herri-bazkari edo bestelako ekimenetan, baina presente egongo dira bihotzean ditugulako”. 

 

Arloa edo saila