Zine eta musika emanaldiak, antzerkiak, Euskal Liburu eta Disko Azoka eta bestelako ekitaldiak izango dira abenduaren 6tik urtarrilaren 5era
Lezoko Udalak Eguberrietako egitaraua aurkeztu du gaur goizean udaletxeko areto nagusian. Aurkezpenean Mikel Arruti Euskara eta Kultura zinegotzia eta Xanti Val Kultura teknikaria izan dira, eta biek ala biek “hilabete bakarrean hogei emanalditik gora” izango direla azpimarratu dute. Kopuruari erreparatuta, kantitatea bermatuta dago, baina “kalitatearekin” uztartu dutela nabarmendu dute.
Lezoarrek ez dute aspertzeko motiborik izango abenduaren 6tik urtarrilaren 5era, argi geratu da gaurko aurkezpenean: San Tomas eguneko eta Eguberri bezperako ospakizunek garrantzi berezia izango dute, baina tartean hitzaldi bat, hiru antzerki, zazpi musika emanaldi, haurrentzako lau zinema emanaldi, Pirritx, Porrotx eta MariMotots pailazo taldearen Bizipoza ikuskizuna eta Euskal Liburu eta Diskoen Azoka iragarri dituzte. Kultur ekitaldiekin batera, Euskal presoen aldeko elkarretaratzeak izango dira ostiralero.
Mikel Arrutik Euskara eta Kultura teknikariak azaldu duenez, “Lezoarrek aisialdiaz gozatzeko aukera izango dute Gabonetan. Neurri handi batean, horixe da Gabonetako programazioaren helburua”.
Halakoetan Lezon ohikoa izaten denez, egitaraua osatzeko garaian herriko eragileen parte-hartze handia izan da. Tomas Garbizu Musika Eskola, Munttar Txistulari taldea, Aiton Borda Abesbatza, Murixka Euskal Dantza Taldea. Zinegotziak eskerrak eman dizkie, eta haien jarduna hilabete osoko egitaraua janzteko “oso baliagarria” dela aitortu du.
Programazioa osatzeko garaian, “ahalik eta adin tarte zabalenera iristeko” saiakera egin dutela azpimarratu du Xanti Valek, “herritar guztien gustukoa izatea zaila da, baina programazioa irakurtzean ahalik eta lezoar gehienek gustuko ekitaldiren bat aurkitzea espero dugu”. Hizkuntza irizpideei dagokionez, antolatu dituzten ekitaldi guztiak euskara hutsean izango direla aurreratu dute.
Antzerkia, zinema eta musika
Abenduaren 13an, 14an eta 15ean Gezala Auditoriumean hiru antzezlan ikusteko aukera izango da –hirurak 20:30ean hasiko dira–. Durangoko Azokan estreinatuko den eta Eneritz Artetxek taularatzen duen Konpota izeneko bakarrizketa, Oihan Vegaren Zergatik praktikatzen dugu sexua erderaz? bakarrizketa eta Metrokoadro kolektiboaren Poza. Zergatik dantzatzen dute bosniarrek? antzerkia.
Gazte eta helduentzako antzerkia ez ezik, haurrentzako Pirritx, Porrotx eta MariMotots pailazo taldearen Bizipoza emanaldi berria iragarri dute Errege bezperarako Bekoerrota kiroldegian. Saioa eguerdiko 12:00etan izango da.
Zinemari dagokionez, haurrei eskainitako lau pelikulek osatzen dute Gezala Auditoriumean zine eskaintza: Hanburgesa zaparra, Hiru Mosketariak, Monster House eta Dr. Dollitte. Hurrenez hurren, abenduaren 26an eta 29an eta urtarrilaren 2an eta 4an izango dira, guztiak 16:30etatik aurrera –emanaldi guztiak doakoak dira–. Pelikulak amaitzean haur jolasak izango dira.
Musika emanaldiek ere pisu handia dute Eguberrietako programazioan. Tomas Garbizu Musika Eskolako Gabonetako lau kontzertuez gain, kantu-jira eta kopla zaharren kalejira izango dira. Musikatik aldendu gabe, inozente egunean Demode Quartet taldearen musika emanaldia izango da Gezala Auditoriumean. Iruñeako laukoteak musika eta umorea uztartzen ditu ordu eta hogei minutuko emanaldi dibertigarrian, koreografia eta elkarrizketa bitxiez lagunduta.
Abenduaren 16tik 24ra Euskal Liburu eta Disko Azoka izango da, Kultura Aretoan. Azoka goizez eta arratsaldez bisitatzeko aukera izango da, eta Durangoko Azokako nobedadeak erosteko aukera izango da. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, haur eta gazte sailari arreta berezia jarriko diote. “Gabonei begira, euskal kulturako produktuak kontsumitu eta oparitzeko aukera eskaintzea da Azokaren helburuetako bat.
Sarrerak salgai
Emanaldi gehienak doakoak izango badira ere, antzerkiak, Demode Quartet musika taldearen emanaldia eta pailazoen Bizipoza ikuskizun ikusteko sarrera ordaindu behar da. Prezio bera jarri dute guztientzako, 5 euro. Sarrerak emanaldi egunean eros daitezke, baina dagoeneko salgai jarri dituzte Kulturan eta Udaleko webgunean, salbuespen batekin, pailazoak ikusteko sarrerak abenduaren 17tik aurrera jarriko baitira salgai.