Santakrutzak bi asteburutan ospatuko dira

Ar, 2014-09-09 19:15

Herriko eragileekin elkarlanean antolatu dituzte irailaren 13an, 14an, 15ean, 19an, 20an eta 21ean

Lezoko Udalak Santakrutzak 2014 aurkeztu ditu gaur arratsaldean. Mikel Arruti Euskara eta Kultura zinegotzia, Xanti Val kultura teknikaria eta Jai Batzordeko ordezkariak izan dira aurkezpenean. Bertan, egitaraua aurkezteaz gain, aurtengo nobedade nagusiaren berri eman dute, Santakrutzak bi asteburutan ospatuko direla.

Aurtengo Santakrutzak bi asteburutan ospatuko dira, iraileko bigarren eta hirugarrenean hain zuzen. Horrela iragarri du gaur arratsaldean Mikel Arrutik, Lezoko Udalako Euskara eta Kultura zinegotziak. Horixe da, hain zuzen, aurtengo egitarauaren berrikuntza nagusia.

“Egutegia ikusi genuen, eta ohartu ginen jai egun gehienak astean zehar zirela. Hiru alternatiba genituen: bere horretan uztea, asteburu bakarrean ekitaldi guztiak sartzea edo festak bi asteburutan banatzea. Azken horren aldeko apustua egin genuen, ahalik eta herritar gehienei festaz gozatzeko aukera eman nahian. Beste aukera zen asteburu bakarrean egitea, baina ez genituen ekitaldiak gainjarri nahi”. Modu horretan arrazoitu du Mikel Arrutik Jai Batzordeak hartutako erabakia.

Jaiek 32.463 €ko aurrekontua izango dute. Zentzu honetan, Arrutik Jai Batzordean aritzen diren eragileen garrantzia nabarmendu du. “Haiengatik ez balitz, ezinezkoa zatekeen diru horrekin osatu dugun egitaraua aurrera ateratzea. Beraz, Lezoko Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiet”. Eta jarraian, “herritik eta herriarentzat” antolatutako jaiak izango direla gaineratu du.

Aurtengoan, 27 elkarte aritu dira udal ordezkariekin elkarlanean: Alleru Danborrada, Allerru Pilota Eskola, Aiton Borda, Allerru Pilota Taldea, Ardi-Txuri Elkartea, Arrantzaleen bazkaria, Ernai, Gaxuxa Emakume Taldea, Haurtxo Haur Eskola, Herrira, Hezikuntza Elkartea, Ixkulin Elkartea, Jaizkibel Allerru Elkartea, Lezo Institutua, Lezoko desfilea, Lezoko Euskal Dantzazaleak, Lezo Herri Eskola, Lezoko Irrizaleak, Lezokoak Elkartea, Murixka Dantza Taldea, Oroitzene AEK Euskaltegia, Pasaia Lezo Lizeoa, Pasaia Lezo Lizeoko Gurasoak, Tartekoen Bazkaria, Tiñelu Elkartea, Trapujale Taldea eta Zabarre Taldea.

Hasiera, alkate txikiekin

Santakrutzak Alkate Txikien pregoi eta txupinarekin hasiko dira larunbatean, 19:00etan. Ondoren, askotariko ekitaldiak izango dira: bazkari eta afariak –orotara, bost izango dira–, rock kontzertuak, herri kirolen erakustaldiak, pilota partidak, buruhandi eta erraldoiak, haur jolasak, txapelketa ezberdinak, Musikoen dantzak, berbenak… “Urtero bezala adin, gustu eta publiko zabalenera iristea izan da helburua; festak guztionak direlako”.

Herritarren festa gosea asetzeko, 58 ekitaldik dute aurtengo egitaraua, joan den astean banatu zena. Santakrutz Eguna igandean ospatuko da, irailaren 14an, eta irailaren 15ean, Baserritarrena. Egun horretarako iragarri dituzte ganadu feria eta idi dema.

Ekitaldi guztien artean honako hauek nabarmendu ditu Xanti Val kultura teknikariak:

  • Bazkari herrikoiak: arrantzaleena, tartekoena, marmitakoa, gazteena eta Irrien Lagunena.
  • Pilota: Josetxo Etxandi XXXIX Oroitaldia, finalak jokatuko baitira federatuetan eta herrikoietan. Horrezaz gain, pilota partida profesionala izango da.
  • Olinpiadak; haurrena 19an eta gazteena 20an.
  • Indarberriturik datorren desfilea, eskualdeko erraldoi eta dultzaineroen parte hartzearekin.
  • Argazki erakusketa, egilea bertan izango dela une historikoak partekatzen.

Horiez gain, asteburuan banatu den programan izan diren akatsen berri eman du kultura teknikariak. Batetik, Aiton Bordaren eskuhartzea Jai Batzordean, programan jasotzen ez dena. Eta bestetik, plater tiraketa igandean, irailak 14, izango dela iragarri du, programan egunez aldatuta datorren arren.

Gonbidapena

Prentsaurrekoa amaitu aurretik Mikel Arruti zinegotziak hartu du hitza. Santakrutzak jai “koloretsuak eta partehartzaileak” izango direla aurreratu du, “euskara, alaitasuna, elkartasuna, auzolana, errespetua eta berdintasuna” ardatz izango dutenak. Norabide berean, “sexuen arteko berdintasunaren alde” egin dutela azpimarratu du, eta “inolako eraso sexistarik” ez dutela onartuko aurreratu du.

Amaitzeko, lezoarrak eta inguruko herritarrak festan parte hartzera gonbidatu ditu. 

Arloa edo saila