Hilabetean zehar hiru eta hamar urte arteko neska-mutilek askotariko ekintzak izango dituzte
Hastear daude Udaleku Irekiak. Lezoko Udaleko Kultura departamentuak antolatuta, datorren asteazkenean, uztailak 1, hasi eta uztailaren 30era arte luzatuko dira. Astelehenetik ostiralera, lau orduko jarduna izango da, 9:30etatik 13:30ak arte.
Hilabetez, herriko haurrek giro euskaldun eta atseginean jolasak, dantzak, kantak, antzerkia eta beste hainbat ekintza egingo dituzte, Lezoko ohiturak eta ingurunea ezagutzen duten bitartean. Horrezaz gain, txangoak egingo dituzte, igerilekura irteerak, eta bestelako sorpresak izango direla iragarri dute. Eta iaz bezala, Izartxo lagunaren bisita jasoko dute.
Inoiz baino haur gehiago
Udaleku Irekiak 3 eta 10 urte arteko haurrentzat antolatzen dira, eta aurten, matrikulazioa inoizko altuena izan da. Guztira, 182 haurrek eman dute izena eta hamabost taldetan banatuko dira.