Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleek, Murixka Dantza Taldeko dantzariek eta Azaharreko sevillana dantzariek parte hartuko dute abenduaren 22ko ipuin-musikatuan emanaldian
Tomas Garbizu Musika Eskolak antolatu duen Gabonetako programazioaren baitan, emanaldi berezi bat izango da datorren asteartean, hilak 22, Bekoerrota kiroldegian 19:00etatik aurrera, “Mari Domingiren ihesaldia” ipuin-musikatua. Haurrei zuzenduta badago ere, famili giroko emanaldia izango da.
Emanaldian Musika Eskolako zenbait taldeek parte hartuko dute, hain zuen, Talde Korala, Sutargi eta Talde Instrumentala. Oholtza konpartituz, Murixka Dantza Taldeko dantzariak eta Irungo Azahar sevillana dantzariak ariko dira. Guztira, 150 bat lagun. Ipuin-musikatua, elkarlanean garatutako egitasmoa da, eta Xanti Espina Musika Eskolako zuzendariak nabarmendu duenez, emaitza “originala, entretenigarria eta berritzailea da. Kiroldegira gerturatzen direnek ongi pasako dute, ziur.
Ipuin-musikatuak Gabonetako kutsua izango duela aurreratu du Espinak. Horrezaz gain, emakumeari protagonismo berezia eman diotela esan du. Horrela, Mari Domingi izango da istorioren protagonista. “Azkenaldian horren modan dagoen Andaluzia eta Euskal Herriaren arteko istorioa da. Mari Domingik San Tomas egunean andaluziar bat ezagutu eta Sevillara joango da. Horixe da ipuin-musikatuaren haria”.
Kondaira errespetatuz, ikuspegi modernoa eman nahi izan diotela azaldu du zuzendariak. “Bi garai uztartu ditugula esan daiteke, ikusleek erraz identifikatuko dituzten egoerak gogora ekarriz”.
Caritasi laguntza
Xanti Espinak herritarrak gonbidatu ditu ipuin-musikatua ikustera, “ongi pasatzeaz haratago, helburu solidario batean laguntzeko. Izan ere, emanaldira joaten diren herritarren artean diru-bilketa egin nahi dugu Lezoko Caritas Parrokiara bideratuko dena. Borondatea eskatuko dugu, behar gehien duten herritarrak laguntzea xede duen elkarteari bultzada bate mateko”:
Aurkezpena amaitu aurretik, Xanti Espinak Musika Eskolaren izenean eskerrak eman dizkio Kepa Garbizu alkateari eta Udalari “antolakuntza lanetan emandako erraztasunagatik” eta modu batean ala bestean laguntzen aritu diren guztiei “erakutsitako inplikazioagatik”.