Badator Trapujale, badatoz Inauteriak

Ar, 2016-02-02 10:33

Alde Zaharreko Joaldunek jasoko dute aurtengoan Trapujale oroigarria

Badatoz Inauteriak (ikus egitaraua). Bi egun baino ez dira falta ostegunean, hilaren 4an, Lezoko Inauteriak hasteko. Ostegunzuri egunarekin hasiko dira, Trapujaleri egindako harrerarekin. Ohikoa den bezala, bi harrera egingo zaizkio. Lehena, 16:00etan, Lezoko Herri Eskolako haurrek Trapujale Txikiari ongi-etorria emango diote. Jarraian, Trapukoplak kalejira egingo da Musika Eskolatik abiatuta (baserritarrez, trapujalez edo arropa ilunarekin jantzita).

Bigarren ongi-etorria 19:30etarako dago iragarria. Trapujale Martizkone baserritik jaitsiko da Gurutze Santuaren plazara; jaitsieran bidelagun izango ditu Alde Zaharreko Joaldunak, Tomas Garbizu Musika Eskolako musikariak eta Trapujale taldeko laguntzaileak. Plazara iristean Inauterietako pregoia irakurriko dute.

Ondoren, 20:00ak aldera, Inauterietako momenturik berezienetarikoa biziko da, oroigarri banaketa. Aurten Alde Zaharreko Joaldunak izango dira omenduak, urtetan festari egindako ekarpenagatik.

Ostiralori
Ostiralorirako egun osoko programazioa iragarri da. Kalejirak, desfileak, emanaldiak, antzerkia, afari herrikoia… izango da non gozatua.

Goiztiarrenak Lezo Herri Eskola eta Lezoko Institutuko ikasleak izango dira. 9:30ean hasiko dute Lezo zeharkatuko duen kalejira, eta 10:30ean “Mundu luze-zabaleko inauteriak” ikuskizuna eskainiko dute Bekoerrota kiroldegian.

11:00etan, berriz, Pasaia-Lezo Eskolako ikasleek “Trapujale festa” egingo dute Gurutze Santuaren plazan (eguraldi txarra egingo balu, Karlos Saldise plazan).

Arratsaldean ere izango da zer ikusirik. 19:00etan, Murixka Dantza taldearekin Zirikuen kalejira eta Sorgin Dantza. Ondoren, 19:15ean, Lezoko Euskal Dantzazaleek “Erdi Aroko inauterien dantzak” desfilea egingo dute. Desfilea amaitzean, emanaldia iragarri dute Gurutze Santuaren plazan. Euskal Dantzazaleek mahaiaren bueltan amaituko dute eguna, Aizpea tabernan antolatutako afari herrikoiarekin –txartelak tabernan bertan egongo dira salgai 15 €tan. Erdi aroko mozorroaz joatea eskatu dute–.

21:00etan Gazte Asanbladaren txanda izango da, antzerki emanaldiarekin Gurutze Santuaren plazan.

Asteburuan, Larunbatgorri eta Igandubel
Asteburuko protagonistak kalejirak izango dira. Larunbatgorri egunean, larunbatean, Munduko Inauteriak kalejira egingo da. Lopene plazatik abiatuko dira 16:00etan, eta Gurutze Santuaren plazan amaituko da, txokolatadarekin. Munduko kultura ezberdinak elkartuko dira Lezoko kaleetan.

Igandubelen, berriz, Murixka Dantza taldeak “Iparraldeko inauterien kalejira” ekarriko du herrira. Kiroldegitik abiatuko dira, 12:30ean, eta herriko kaleak zeharkatu ondoren, Gurutze Santuaren plazan amaituko da.


Trapujale antzezlanaren zine-ikuskizuna
Astelehenarre eguna emanaldi berezi batekin dator. Orratx! taldeak 20.urteurrenean aurkeztutako “Trapujale” antzezlanaren zine-ikuskizuna eskainiko da Gezalan, arratsaldeko 16:00etan hasita.

Ondoren, 18:00etan, Eclipse taldeak prestaturiko Flash Movi-a ikusteko aukera izango da. Eta jarraian, mozorro lehiaketa eta txokolatada egongo dira.

Ohiturari jarraiki, Lezoko Inauteriak Asteartebeltzean amaituko dira. 15:15ean Lezo Herri Eskolako ikasleekin epaiketa txikiaren antzezkizuna egingo da Gurutze Santuaren plazan.

Arratsaldean, berriz, Trapujaleren epaiketa izango da Gurutze Santuaren plazan 19:30etatik aurrera: herio bidaia, inauteriari agurra eta txerrijana. Trapujalek agur esango digu datorren urtera arte.

 

 

 

Arloa edo saila